Biele ISBk 2024. urtea amaitu bezain ondo hasi du 2025. urtea. Joan den zapatuan, 77 eta 90 irabazi zuen Iñaki Merinok zuzentzen duen taldeak Teknei Bizkaia Zornotzaren aurka, Amorebietako (Bizkaia) Larrea kiroldegian. Laurdenez laurden zabaldu zuten otsoek urteko lehen garaipena lortu ahal izateko tartea, eta azken laurdenean errematatu zuten ordura arte egindako lan guztia.
Aurreneko laurdena jokatu zuten tristeena puntuei erreparatuta; hamalau puntu saskiratu zituen etxeko taldeak, eta hamasei Azkoiti-Azpeitikoak. Hamarnako berdinketa lortu arte, saskiratzeak txandakatzen aritu ziren bi taldeak, baina gerora ISBk hartu zuen agintea, partida guztian galduko ez zuen agintea, hain zuzen. Bigarren laurdenean, ordea, finago aritu ziren bi taldeak saskiaren aurrean. Hasierako minutuetan eutsi zion etxeko taldeak ISBri, baina laurdenaren amaiera alderako zortzi puntuko aldea lortu zuten otsoek. Hala eta guztiz ere, atsedenaldian bost puntuk banatu zuten soilik bi taldeen arteko aldea.
Merinorenek hirugarren laurdenean egin zuten lana funtsezkoa izan zen amaierara begira; markagailuko errenta bikoiztu egin zuten otsoek laurdena ixterako, baina ez nahi bezain erraz. Aldageletatik itzuli eta segituan jarri ziren ISBkoak 11-12 puntu goitik, baina zornotzarrek bidea zaildu zioten orduz geroztik. Pixkanaka-pixkanaka errenta murrizten hasi ziren bizkaitarrak, 56-58 jartzeraino. Nolanahi ere, segituan erreakzionatu zuten liderrek, 0-8ko partzial bati esker, berriro ihes egin zuten-eta markagailuan, laurdena 58-68 ixteko.
Azken laurdenean aise aritu zen ISB, bereziki aurreneko minutuetan. Otsoek lehia erdi erabakita utzi zuten Larrea kiroldegian; izan ere, hemezortzi puntu goitik ere izan ziren uneren batean. Hala eta guztiz ere, lehia estutzeko gai izan ziren berriro etxekoak, sei puntura hurbilduta (77-83). Azken minutuetan sailkapeneko liderrek beren nortasuna erakutsi zuten, ordea, eta garaipena ziurtatzeko gai izan ziren.
Urteko lehen deman, 107 puntuko balorazioa erdietsi zuen Biele ISBk; izan ere, sei taldekidek hamar puntu baino gehiago saskiratu zituzten. Dena den, Andoni Atxa izan zen taldeko jokalari onena, hamalau puntu saskiratuta eta 23 puntuko balorazioa lortuta.
Bi liderren arteko lehia
Zapatuan, hilak 11, Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearekin neurtuko ditu indarrak ISBk; 20:15ean jokatuko dute partida Caceresen (Espainia). Berebiziko garrantzia duen lehia jokatuko dute Merinoren gizonek; izan ere, garaipenetan berdinduta dauden aurkaria izango dute kontrario liderrek. Irabazita, lidergoa sendotuko du Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta galduta, bigarren jarriko dira, garaipen bat gutxiagorekin eta puntuen averagea galduta.
Mailaz igotzeko hautagaia nagusia da Caceresko taldea; ordea, egungo sailkapena ikusita, baita ISB ere. Azpeitiko kiroldegian jokatutako lehen itzuliko partidan, Merinorenek 73 eta 90 galdu zuten.