Ilusioa eta zoramena parez pare nagusitu dira Errege Bezperan Azkoitiko kaleetan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen eskutik. Hiru protagonistek ohiko desfilea egin dute iluntzean, eta ohiko moduan, kalean elkartu diren ehunka herritarrek harrera ezin beroagoa egin diete hirurei. "Ekarriko" oihu artean agurtu dituzte haurrek zein helduek Errege Magoak, eta haiek buruarekin baietz eginez, zakukada karamelu hustu dituzte han-hemenka; gogotik aritu dira horiek jasotzen umeak.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar zaldiz iritsi dira herrira, eta Santa Klaran hasi dute ohiko kabalkada. Balda plaza, Plazaberrerri eta Kale Nagusia gurutzatuta, herriko plazan zain izan dituzte herritarrek Errege Magoak, eta Herodesen jauregia bisitatu ondoren, udaletxera jo dute horiek. Hain zuzen, udaletxeko balkoira igo direnean, goraino betetako plaza izan dute aurrez aurre, eta hirutan atera dira balkoira, herritarrak agurtzera. Handik parrokiara arteko bidea oinez egin dute, eta Jesus haurtxoa gurtu dute han. Orduan ere ez dute hutsik egin "ekarriko" oihuek, eta desfilea amaituta, herritarrek bihar goizera arte itxaron beharko dute eskatutakoa ekarriko dieten edo ez.