Barakaldoko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu du Itaiak

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 5a, 09:04

Itaiak deituta irailean egin zuten beste elkarretaratze bat. (Utzitakoa)

13:00etan plazara azaltzeko deia egin du, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu gaitezen lelopean elkarretaratzea egiteko. 

Ostiral arratsaldean Barakaldon izandako hilketa matxistaren aurrean, elkarretaratzera deitu du Itaiak gaurko. Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu gaitezen lelopean egingo dute mobilizazioa, 13:00etan, herriko plazan,  

Herenegun arratsaldean 84 urteko emakume bat hil zuten Barakaldo erdigunean dagoen Arrandi kalean. 16:30ak aldera abisu bat igorri zioten bizilagunek Ertzaintzari, etxebizitza batean emakume bat hilda egon zitekeela esanez, oihuak eta eztabaidak entzuten zirelako. Poliziek, bertaratu zirenean, emakumea hilda zegoela ikusi zuten, eta gorpuak indarkeria zantzuak zituela. Haren semea etxean zen eta atxilo hartu zuten; 60 urte inguru ditu gizonak.

Atzo jakin zenez, emakumeak semearen kontra salaketarik ez zuen inoiz jarri; bai, ordea, senarraren kontra. Uneotan semeak atxilotuta jarraitzen du, epailearengana eramateko zain, eta hipotesi nagusia amaren hiltzailea semea dela izan arren, ikerketak zabalik jarraitzen du oraindik ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide