Zaldi eta idi apustuak jokatuko dituzte datozen egunetan Gureako probalekuan

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 3a, 10:36

Duela urte batzuk jokatutako zaldi apustu bat, Gurea pilotalekuko probalekuan.

Bihar, larunbata, 19:00etatik aurrera, Markiña-Xemeingo Gaztiñeiren eta Oiartzungo Mixiyuaren zaldiak nor baino nor ariko dira. Idi apustua, berriz, astelehenean izango da, 20:00etan hasita, eta Urretxuko Ipiñarrietaren idi pareak eta Birleko Lopategirenak neurtuko dituzte indarrak.  

Animalien arteko lehia gustuko dutenek galdu ezinezko bi hitzordu dituzte datozen egunotan Azkoitiko Gurea pilotalekuko probalekuan: bihar, larunbata, zaldi apustua; eta astelehenean, Errege Egunez, idi apustua.

Biharko zaldi apustuan Markiña-Xemeingo (Bizkaia) Gaztiñeiren eta Oiartzungo (Gipuzkoa) Mixiyuaren animaliak aterako dira plazara, indarrak neurtzera. Balda harria eta beste 100 kilo hartuta, 30 minutuan ahalik eta plazan gehien egitea; horra hor animaliek egin beharko duten lana. Pisaketak 18:00etan egingo dituzte, eta ordubete geroago, 19:00etan, ekingo diote lehiari. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak egingo ditu epaile lanak, eta 3.000 euro egongo dira jokoan. 

Astelehenean, berriz, idiak izango dira Gureako probalekuan nor baino nor ariko direnak; hain zuzen ere, Urretxuko Ipiñarrietarena izango da idi pare bat, eta Birleko (Bizkaia) Lopategirena bestea. Ipintza harria hartuta 30 minutuz plazarik gehien egiten dituenarentzat izango dira jokoan egongo diren 4.000 euroak. Pisaketak astelehenean bertan egingo dituzte, 09:00etan, eta 1.140 kilotik gorako kilo bakoitzeko, kilo eta erdiko gainzama erantsiko diote Ipintza harriari. Baldintza gisa hitzartuta dutenez, Lopategiren idi parea izango da plazara ateratzen aurrena, eta zaldi apustuan bezalaxe, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak egingo ditu epaile lanak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide