Eskuz Binakako Pilota Txapelketak Azkoitian egin du geldialdia gaur, ostegunez. 17:00etan hasita, txapelketako zazpigarren jardunaldiko bi pilota partida ikusteko aukera izan dute pilotazaleek herriko Gurea pilotalekuan.
Jaialdiko partida nagusian, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta aritu dira batetik, eta bestetik, Unai Laso —Lau eta Erdiko txapelduna— eta Martxel Iztueta. Partida garrantzitsua izan da hori; izan ere, neurketa hasi aurretik, Ezkurdia eta Rezusta liderrak ziren sailkapenean, sei partidatik sei irabazita, eta Laso eta Iztueta bigarrenak, sei partidatik bost irabazita. Ikusleak zain-zain zeuden zer gertatuko, baina azkenean, ez da espero bezain partida lehiatua izan. Ezkurdia eta Rezusta 4-0 hasi dira irabazten, baina ondoren, Laso eta Iztuetak tanto errenkada egin dute jarraian, aurkariei nagusitasun osoz aurrea hartzeraino. Amaieran, liderren parean, 6 eta 22 gailendu dira Laso eta Iztueta.
Partida nagusiaren aurretik, promozio mailako neurketa bat ere jokatu dute Gurean: Asier Agirrek eta Gorka Ugartemendiak Dario Gomez eta Arkaitz Gabirondo izan dituzte aurkari. Neurketa estua izan da; izan ere, 12-12 berdintzen joan ostean, Agirre eta Ugartemendia aurretik jarri dira markagailuan (18-16), baina, azkenean, Dario eta Gabirondo gailendu dira, 21 eta 22.
Jende ugari bertaratu da Gurea pilotalekura partidak bertatik bertara jarraitzera; aipatzekoa da sarrera guztiak agortu direla.