Eskuz Binakako Pilota Txapelketak Azkoitian egingo du geldialdia gaur, ostegunez. 17:00etan hasita, txapelketako zazpigarren jardunaldiko bi pilota partida ikusteko aukera izango dute pilotazaleek herriko Gurea pilotalekuan.
Jaialdiko partida nagusian, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta ariko dira batetik, eta bestetik, Unai Laso —Lau eta Erdiko txapelduna— eta Martxel Iztueta. Partida garrantzitsua izango da hori; izan ere, Ezkurdia eta Rezusta liderrak dira sailkapenean, sei partidatik sei irabazita, eta Laso eta Iztueta bigarrenak dira, sei partidatik bost irabazita. Dena den, aurretik, promozio mailako partida bat ere izango da: Asier Agirrek eta Gorka Ugartemendiak Dario Gomez eta Arkaitz Gabirondo izango dituzte aurkari.
Pilota jaialdirako Internet bidez salgai jarritako sarrera guztiak agortu dira.