Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, Urrezko Aizkolari Kopako txapeldun

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 1a, 15:48

Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, atzo, txapela jantzita. (Ibon Errazu)

Asteasuko Usarrabi pilotalekua herri kirolen topaleku bihurtu da Urtezahar arratsaldean. Aise osatu ditu azkoitiarrak hamabi kanaerdiko mozteko lanak, 23:10eko denbora eginez, eta ia minutuko bateko aldea atera dio Mikel Larrañagari (25:07). 

Asteasuko Usarrabi pilotalekua herri kirolen topaleku bihurtzen da urtero Urtezahar arratsaldean, eta atzo ere hainbat final jokatuko zituzten; tartean, Urrezko Aizkolari Kopakoa eta Binakako Harri Jasotze Txapelketakoa, eta horietan eskualdeko kiriolarien parte hartzea izan zen.

Urrezko Aizkolarien kasuan, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak jantzi zuen txapela. Aise osatu zituen hamabi kanaerdiko mozteko lanak, 23:10eko denbora eginez, eta ia minutuko bateko aldea atera zion Mikel Larrañagari (25:07). Hirugarren postua Jokin Urretabizkaia Basozabal-entzat izan zen; denbora asko galduta, 29:12eko denbora behar izan zuen lanak amaitzeko.

Beste hainbat proba

Harri jasotzeko finalean, gizonezkoen zein emakumezkoen mailan, hiruna bikote zeuden aurreikusita, baina, azkenean, bi aritu ziren emakumezkotan; guztiek lau harri ezberdinekin egin zuten lan. Gizonezkoetan, Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak eta Zarauzko bizilagun Paulo Azpiazu osintxuarrak osatutako bikoa izan zen garaile, 86 jasoaldirekin, baina 10.999 kilo lortuta;  bigarren, Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak egin zuten, 94 jasoaldirekin, eta 10,963 kilorekin; eta hirugarren, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Beñat Telleria lasartearrak osatutako bikoteak, 90 jasoaldirekin eta 10.436 kilorekin.

Emakumezkoen, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrak gailendu zitzaizkien Ainitze Zumeta zarauztarrari eta Goizeder Abendibar mallabitarrari. Osa-Gesalagak 101 jasoaldi eta 6503 kilo lortu zituzten; Zumeta-Abendibar gertu izan zituzten, baina, azkenean, bigarren sailkatuek 98 jasoaldi eta 6438 kilo erdi zituzten.

Jaialdian zehar une hunkigarriak ere izan ziren. Udane Ostolaza oriotarrak bere aitona Agustin Ostolazaren 100 kiloko koparekin erakustaldia egin zuen, eta Maikar Aristegi iturendarrak gauza bera ingudearekin. Biek ala biek oroigarri bana jaso zuten proba egin bezain pronto.

Beheko galerian ikus daitezke atzo Asteasun Ibon Errazuk ateratako argazkiak:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide