Oteiza elkarteko pilotariek Negua txapelketako nagusien finala jokatu zuten joan den larunbatean, Gurea pilotalekuan. Jon Oteizak eta Inhar Egañak Jon Juaristiren eta Alejandro Juaristiren aurka neurtu zituzten indarrak herriko frontoian, eta Oteizak eta Egañak osatutako bikotea nagusitu zen, 22 eta 8 emaitzarekin.
Negua txapelketa eskuz binakako lehia berria da, Gipuzkoako txapelketan eskuz binakako jardunaldiak bukatu eta banakakoari ekin aurretik bikotean jokatzen jarraitu nahi duenari zuzendua. Aurreneko edizioan kadete eta nagusi mailetako lehiak jokatu dituzte; hiru bikote aritu dira kadete mailan, eta hamar nagusietan, tartean Oteiza elkarteko pilotariak.
Etxaniz, eskuz banakako finalera
Negua txapelketako nagusien finalaren aurretik, Oteiza elkarteko Julen Etxanizek Gipuzkoako eskuz banakako kadete mailako finalerdia jokatu zuen, Gurea pilotalekuan. Finalerako txartela lortu zuen pilotari azkoitiarrak, Tolosako Artolari 18 eta 15 irabazita. Ostiralean, urtarrilaren 3an, jokatuko du finala Etxanizek, Behar Zana elkarteko Otaegiren aurka. Donostiako Atano III.a pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak biek, 19:00etan hasita.