Bulegok 'Gure bihotzaren taupadak' abestia kantatuko du ETBko kanpaikaden emanaldian

Ihintza Elustondo 2024ko abe. 30a, 15:00

Bulego taldeko musikariak. (Urtzi Oteiza)

Azkoitiko musika taldeak 2025eko Euskaraldirako sortu duen abestia emango du zuzenean EITBk kanpaikadetarako prestatu duen emanaldian. Taldekideekin batera, dantzari talde bat arituko da "sorpresaz betetako koreografia batekin eta argi efektu ikusgarriekin". 

Urteko azken eguna izango da bihar, eta ohi duen bezala, EITBk zuzenean emango ditu urte batetik besterako jauzia iragarriko duten kanpaikadak. Ilaski Serranok, Julen Telleriak, Leire Martinezek eta Africa Baetak aurkeztuko dute zuzenekoa, Iñigo Agirre eta Egoitz Txurrukarekin batera, Gasteizko Plaza Berritik. "Hainbat sorpresa" izango direla iragarri du hedabideak; horien artean, Azkoitiko Bulego musika taldeak parte hartuko du ekitaldian.

Gauerdiko kanpaiak entzun ondoren, musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute; hain zuzen ere, Bulegok 2025eko maiatzaren 10ean hasiko den Euskaraldirako sortutako Gure bihotzaren taupadak abestia kantatu eta dantzatuko du. EITBk jakinarazi duenez, taldekideekin batera, dantzari talde bat arituko da "sorpresaz betetako koreografia batekin eta argi efektu ikusgarriekin". Hain zuzen ere, Durangoko Azokan aurkeztu zuen Bulegok abestia, Euskaraldiari begira. Kantu dantzagarria da, euskararen erabilera sustatu, bultzatu eta zabaltzen lagunduko duena. Beraz, 2025a euskaraz eta dantzan hasiko dute ETB1en eta ETB2n.

23:40an hasiko da ETBren kanpaikaden zuzeneko emankizuna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide