Anaitasuna mendi bazkunak Pirinioetara irteera antolatu du urtarrilaren 18-19 astebururako. Mendizaleak larunbat goizean elkartu eta Lintzako aterpetxera joango dira. Bertan autoak utzi eta Petretxema mendia (2.371 metro) igoko dute, hamalau kilometroko eta 1.030 metroko desnibel positiboko ibilbidea eginez. Igandean, berriz, 12,5 kilometro egin eta 950 metro igoz, Chipeta mendiaren (2.175 metro) gailurra zapalduko dute.
Neguko irteera izanik, Anaitasuna mendi bazkunak adierazi du kranpoiak, pioleta eta kaskoa beharrezkoak direla; beraz, materiala behar duena elkarteko kideekin harremanetan jar daiteke. Izena emateko epea urtarrilaren 2tik 10era bitartean izango da zabalik, ETK Informatika Zerbitzuetan. Plazak mugatuak dira. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, berriz, 75 euro (autoko bidaia, afaria, lo egitea eta gosaria barne). Federatuta egotea gomendagarria da; hala izan ezean, Anaitasuna ez da ezeren erantzule egingo.
Urtarrilaren 18an, 06:00etan abiatuko dira Aizkibel liburutegiaren aurretik. Hori bai, ibilaldia eguraldiaren arabera molda daitekeela adierazi dute antolatzaileek. Irteeraren inguruko edozein zalantza izanez gero, anaitasunamb@gmail.com helbidera idatzi behar da.