Elur zuri-zuririk ez, baina lanbroa bizi-bizi bai. Aurtengo Gabon eguna bustitik esnatu da, eta Olentzero eta Mari Domingi aterpe bila iritsi dira Azkoitira. Balda plazan egin behar zieten ongietorririk eta ondorengo kalejirarik gabe, parrokia sarrerako aterpera joan dira zuzenean, goiz parteko beren eginkizun nagusia betetzeko: Azkoitiko haurren azken gutunak jasotzea, gero gauez opariak banatzeari ekin aurretik. Herriko trikitilariak eta dultzainariak ondoan izan dituzte hasieran.
Ilara luzea osatu dute umeek, gehien-gehienek etxekoren bat ondoan zutela, batzuk gutuna eskuetan eta beste batzuk gabe, Olentzero eta Mari Domingi noiz agurtuko zain. Txanda iritsitakoan, argazkiak ateratzeko baliatu dute aukera askok, Olentzerok eskuak eta patrikak gozokiz betetzen zizkien bitartean. Gabon eskean zebilen multzoren bat ere joan da eguneko bi pertsonaia kutunak agurtzera. Abenduaren 24ko usadioa betez, gaztetxo asko ibili dira gaur ere kantuan eta eskean kalez kale, soinuak eta panderoak babesteko plastikoz estalita.
Baina Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko eta gutunak uzteko ilara ez da bakarra izan gaur eguerdian. Eskailera barrenean, aldamen batean eta hura ere estalpean, jarri dute Realak Azkoitiak hiri gutuna jaso zueneko 700. urteurrenari keinu eginez atera duen posterraren aleak banatzeko mahaia, eta han ere egin dute ilara azkoitiarrek.