Gabon eta Eguberri egunetan aldaketak izango dituzte hainbat autobus zerbitzuk

Nerea Uranga 2024ko abe. 23a, 09:20

Autobusa.

Jai egunak tarteko, hainbat autobus zerbitzuk aldaketak izango dituzte ordutegian. Bestalde, abenduaren 24an eta 31n gaueko autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu Lurraldebusek Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean.

Gabon eta Eguberri egunetan eta Urtezahar eta Urteberri egunetan Urolako hainbat autobus zerbitzu publikoren ordutegiak aldatu egingo dira, eta aldaketa horien berri eman du Lurraldebusek. Horrez gain, Azkoitia eta Zestoa artean gaueko autobus zerbitzua eskainiko dutela adierazi du. Bestalde, bihar, Gabon egunez, UK01 autobus zerbitzuaren arratsaldeko hainbat ordutan bi geltokitan ez da geldituko autobusa.

Gaueko zerbitzuak

Abenduaren 24an eta 31n gaueko autobus zerbitzu berezia eskainiko da Azkoitia-Azpeitia-Zestoa eta Zestoa-Azpeitia-Azkoitia artean. Azkoititik 01:00etatik 07:00etara artean orduero irtengo dute autobusek eta Zestoatik Azkoitira ere orduero izango dira.

Honako ordutegia izango du:

 

Donostiako geltokietan aldaketa

Gabon egunean, abenduaren 24an, Olentzero eta Mari domingiren desfilea egingo dituzte Donostian, eta horrek UK01 (Azkoitia-Donostia) autobus zerbitzuaren geltokietan eragingo du. Hain zuzen ere, Azkoitia-Donostia arteko 16:15etik 18:15era arteko autobusak ez dira geldituko Zubieta kalean eta Askatasunaren Hiribidean. Era berean, Donostia-Azkoitia arteko 17:05etik 19:05era arteko autobusak ere ez dira geldituko Zubieta kaleko eta Askatasunaren Hiribideko geltokietan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide