Hiruna puntu eskuratu dituzte Anaitasunako bi talde nagusiek

Nerea Uranga 2024ko abe. 23a, 11:37

Anaitasunakoak larunbatean Txerloian. (Anaitasuna FT)

Nesken taldeak Getxo hartu du mendean etxetik kanpo, eta mutilenak Mutrikuri irabazi dio, Txerloian. Urtarrilaren bigarren asteburura arte jardunaldirik ez dute izango Anaitasunako bi talde nagusiek.

Euskal Ligako nahiz Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailako Anaitasunaren lehen bi taldeek larunbatean jokatu zituzten azken bi jardunaldiak. Neskek Getxoko Bolue (Bizkaia) futbol zelaian izan zuten norgehiagoka Bizkaneskak taldearen kontra, eta 0-1 irabazita etxeratu ziren. Atsedenera irabazten iritsi ziren Anaitasunakoak; izan ere, 23. minutuan Arethak gola sartu zuen.

Loren Barbadok zuzentzen duen Anaitasunako mutilen taldeak ere emaitza bikaina lortu du asteburuan, Mutrikuri 3-0 irabazita. Larunbat goizean jokatu zuten partida, Txerloian. Lehen gola Pastrik sartu zuen lehen zatian, eta atsedenera 1-0 iritsi ziren. Bigarren zatian, berriz, 67. minutuan Xabik aurkarien atean baloia sartzea lortu zuen, eta hirugarren gola, 80. minutuan egin zuen Oihanek.

Urtarrilaren 12ko asteburura arte denboraldiko beste jardunaldirik ez dute jokatuko Anaitasunaren bi talde nagusiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide