Espainiako LF Challenge ligako Domusa Teknik ISBk Lima Horta Bartzelonaren kontra jokatu zuen atzo, igandea, eguerdian Bartzelonan. 55-70 eginda, zazpigarren garaipenarekin etxeratu ziren ISBkoak.
Bartzelonaren aurkako partida hasiera-hasieratik hartu zuten mendean; atsedenean markagailuak 26-38 adierazten zuen ISBkoen alde. Partidako jokalaririk onena Domusa Teknik ISBko Juana Molina izan zen, hamasei puntu eta 29ko balorazioarekin. Gaur egun, ISBren emakumeen talde nagusia playoffeko postuetan da, sailkapeneko zazpigarren postuan egonda.
Datorren larunbatean, abenduaren 28an, Espainiako LF Challenge ligako Domusa Teknik ISBk Barakaldoren kontra jokatuko du, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi klubaren 50. urteurreneko azkenengo partida izango da larunbatekoa. Iraurgi saskibaloi klubak bazkidetza txartel batekin edota sarrera batekin partidara hiru lagun sartzeko aukera eskainiko die saskibaloi zaletuei. Iraurgi saskibaloi klubak partida hori "emakumeek egin duten urte borobila txalotzeko" izatea nahi du, eta harmailak zaletuz beteta etxeko taldea animatzera deitu dituzte herritarrak.
Gizonek, etxean
Espainiako saskibaloiko gizonen Bigarren Mailako Biele ISBk Huescaren kontra jokatu zuen atzo, igandea, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Emakumeen taldeak bezala, gizonenak ere garaipena lortu zuen, 90-76 irabazita. Kiroldegia saskibaloiaren zaleez bete zen ISBkoak animatzeko.
Gaizki hasi zuen Biele ISBk norgehiagoka, baina bigarren laurdenean markagailua irauli zuen, eta garaipen sendoa lortu zuten. Denboraldi bikaina egiten ari da Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi taldea eta sailkapeneko lehenengo postuan dago.
Partidaren atsedenaldian, Elmubas saskibaloi eskolako gaztetxoenak atera ziren kiroldegiko kantxara eta argazkia atera zuten. Bestalde, saskibaloi klubaren 50 urtemugaren barruan, Juan Jose Arakistain Pino eta Joseba Olazabal Txorrotxa omendu zituzten, eta haien izenean senideek jaso zituzten oroigarriak. Une hunkigarriak bizi izan ziren.
Biele ISBk hurrengo partida urtarrilaren 4an jokatuko du, Zornotzaren kontra; Zornotzan (Bizkaia) izango da, 18:30ean.
(Argazkiak: Mikel Amenabar Otola)