Datorren asteartean, Gabon egunez, Olentzero eta Mari Domingi izango dira Azkoitian, urteroko bisitan. Bikoteak hitzordua Balda plazan jarri du, 11:30ean, eta han elkartuko dira haurrekin. Abarketatxo ludotekako familiek ere hantxe egingo diete harrera. Ondoren, Balda plazatik trikitilariek lagunduta kalejiran joango dira denak, parrokiraino, eta eliza atarian gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik.
Aurten ezusteko bat izango da gutunak jasotzerako garaian. Izan ere, aurtengo denboraldiko Realaren lehen bi taldeen posterrak Azkoitiko irudiekin osatu dituzte, 700. urteurreneko ospakizunekin bat eginez, eta Olentzerok eta Mari Domingik haurrei gutunak jasotzen dizkieten bitartean, euren laguntzaileek Realak emandako posterrak banatuko dituzte, agortu arte.