Demode Quartet taldeak kale ikuskizuna eskaini zuen atzo, ostirala, herriko kaleetan barrena. Gurpil gainean izeneko ikuskizun ibiltaria aurkeztu zuen taldeak, eta izenak argitzen duen moduan, gurpil gainean aritu ziren haiek abesti ezagunen bertsioak kantatzen. Musika eta umorea uztartu zituen laukoteak, eta adin guztietako herritarrak kantuan jarri zituzten.
Talde bera Baztartxo antzokian arituko da abenduaren 28an, larunbatez, 19:00etatik aurrera. Orduan, A Kupela izeneko ikuskizuna eskainiko du herriko antzokian, Azkoitiko Udalak antolatuta. Emanaldirako sarrerak salgai daude Entradium atarian, 10 euroan.
A Kupela ikuskizunean, lau pertsonaia xelebrek, musika ulertzeko duten modu dibertigarri eta bereziarekin, garai guztietako abesti ezagunen errepasoa egingo dute, beraiek egindako euskarazko bertsioak eskainiz. Ikuskizun "dibertigarria, arina eta soinu-kalitate handikoa" dela azaldu dute antolatzaileek. Ikuskizunak 80 minutuko iraupena du.