Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25erako deitu dituen manifestazioak aurkeztu zituen atzo, ostiralez, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Elkargunean egin zuten Azkoitiko saioa, eta hainbat herritar bildu ziren bertan.
Urola Erdiko GKSk adierazi duenez, manifestazioaren aurkezpena hiru zatitan landu zuten. Batetik, aipatu zuten urtarrilaren 25eko manifestazioak gerraren eta faxismoaren aurka antolatu direla. Bestetik, "mendebaldeko agintariek gizartea gerrara" daramatela nabarmendu zuten. Hirugarrenik, faxismoaren zabalpena nola ari den gauzatzen Europan zehar aipatu zuten, eta hori "langilegoaren aurkako ideologia eta praktika bat" dela esan zuten.
Horren guztiaren aurrean gazteek mobilizatu beharra dutela nabarmendu zuen GKSk atzoko aurkezpenean, eta horregatik, urtarrilaren 25ean egingo dituzten manifestazioetara bertaratzeko deia egin zuten. Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora lelopean deitu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak protestak, Bilbon eta Iruñean.