Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak herriko merkataritza txikia txalotu zuten atzo, udaletxean merkatariei egin zieten eskertza eta aitortza ekitaldian. Ana Azkotiia alkateak merkatariek herriari egiten dioten ekarpena azpimarratu zuen han: "Badakigu zer nolako ahalegina egiten duzuen egunero zuen dendetako ateak zabaldu eta herritarrei zerbitzua emateko. Zuen negozioak gure pozak dira; zuen saltokiak gure kaleak dira. Gozatu, argitu eta erakargarri bihurtzen dituzue herriko txokoak. Horregatik, eskertza zor dizuegu, herria egiten duzuelako".
Hamar saltokik parte hartu dute aurten Gabonetako erakusleiho erakusketan: Naroa Valor estudioa, Prest tindategia, Noah jantzi denda, Naiena jantzi denda, ETK informatika, Beatriz Pozo dekorazioa, Eneka ileapaindegia, Lukas lurrindegia, Aizterri Home eta Maia mertzeria. Hamar parte hartzaile horien artean 200 euroko bost bonu zozkatu zituzten ekitaldian.
Halaber, merkatariei eskainitako ekitaldia aprobetxatu zuten Herrixen elkarteak zozkatu dituen Gabon otarrak eta produktu freskoak trukatzeko bonuak banatzeko. "Herriak ez lirateke bizirik mantenduko merkataritza txikirik gabe", adierazi zuen Herrixenen ordezkari den Sara Rodriguezek. "Zuek zarete herri baten nortasuna eta ohiturak mantentzen dituzuen zaindu beharreko altxorrak", gaineratu zuen hark.