Ilusioa piztu dute haurrengan Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek

Andoni Elduaien 2024ko abe. 20a, 14:01

Herriko txikienekin elkartu nahi izan dute ikazkinek eta Errege Magoek urtea amaitu aurretik. Asteartean aterako dira Olentzero eta Mari Domingi kalera, eta urtarrilaren 5ean Meltxor, Gaspar eta Baltasar.

Herriko eskolak bisitatu dituzte Olentzerok, Mari Domingik eta hiru Errege Magoek, eta betiko eran, poza piztu du haien bisitak ikasleengan. Azkoitiko haurrek ilusioz eta maitasun handiz hartu dituzte bai ikazkinak, bai Meltxor, Gaspar eta Baltasar.

Atzo, osteguna, Floreaga ikastetxean izan ziren Olentzero eta Mari Domingi; aurrenekoz elkarrekin bisitatu zuten bi ikazkinek Floreaga. Ikastetxeko On Bosco aretoan zain zituzten ikasleekin hitz egin zuten aurrena biek, baina ikasgeletan zain zituzten ikasle txikienengana ere joan ziren eskutitzak jasotzera. Argazkiak ere atera zituzten kameren aurrean. Gaur, bestalde, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoekin elkartu dira Floreagan. Ozen entzun dira beste urte batez Ekarriko, ekarriko oihuak aretoan. Haurrek gutunak emateko eta argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute Errege Magoekin egondako unea.

Atzo Floreagan izanda, gaur Xabier Munibe ikastolan izan dira Olentzero eta Mari Domingi. Ikazkinek falta zitzaizkien azken gutunak jaso dituzte ikastetxe horietan. Xabier Munibe ikastolan, betiko eran, gelaz gela ibili dira bi protagonistak aurrena, eta ondoren, areto nagusian bildu dira ikasle guztiak, ikazkinei Gabonetako abestiak abesteko. Taldekako argazkiak atera dituzte ikasleek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin, baita bestelako argazkiak ere, gelaz gela nahiz aretoan egin dituzten geldialdietakoak.

Biziloren, berriz, neguko solstizioa landu eta ospatu dute. Ikasleek hostoak egin dituzte eta horietan 2024. urteari eskertzeko dutena idatzi dute; datorren urterako zer nahi duten ere jaso dute ikasleek hostoetan, eta borobilaren erdian jarri duten pertzean sartu dituzte gero. Era berean, kandelak piztu dituzte eskolaren eta talde bakoitzaren izenean. Eskolako umeek, bidelagunek eta familiek kantuan bukatu dute ospakizuna.

(Argazkiak: Floreaga ikastetxea, Xabier Munibe ikastola eta Bizilore Eskola Aktiboa)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide