Guardia Zibilak ia 6.000 jostailu atzeman ditu egunotan Gipuzkoako hamar herritako hamabost saltokitan; tartean, Azkoitiko batean. Jostailuak eta oparitarako materiala saltzen zuten saltokietan egin du operazioa Guardia Zibilak, kontrabandoaren legediaren kontrako hamabost arau hauste egotzita.
Azkoitian ez ezik, Zarautzen, Donostian, Irunen, Lasarte-Orian, Oiartzunen, Eibarren, Tolosan, Olaberrian eta Arrasaten ere atzeman du materiala poliziak. Joan zen azaroaren 25etik abenduaren 2ra bitartean egin zituen Guardia Zibilak ikuskapenak Gipuzkoako hainbat saltokitan; Europako Batasunera modu irregularrean sartutako produktuak atzematea, iruzur fiskala eta materialen faltsutzea saihestea eta jostailuek-eta segurtasun neurriak betetzen dituztela bermatzea zuten helburu ikuskapenek.
Besteak beste, kontrabandoaren araudia betetzen ez zuten mahai jolasak, jostailuzko animalien irudiak, dardoak, peluxeak, xibotak, autoak eta beisbolerako bateak bildu ditu Guardia Zibilak operazioan. Salgai horiek guztiak Europako Batasuneko zigilurik ez zutelako eta segurtasun zein osasun estandarrak bermatzen ez zituztelako ebatsi dituzte, poliziaren arabera.
Negozioen jabeei kontrabandoari lotutako arau hauste administratiboak egin dituztela leporatu diete, eta ondorioz, saltokiak ixteko eta jarduera eteteko zigorra jaso dezateke. Gainera, milioi bat eurora arteko isuna ere jar dakiekete haiei.