Born to dance eskolako ikasleen dantza ikuskizuna izango da etzi, Baztartxon

Andoni Elduaien 2024ko abe. 20a, 09:00

Ekainean eskaini zuen dantza eskolak azken emanaldia. (Iraia Oteiza)

Jenny Calero dantzari azkoitiarraren eskolako haurrek, gazteek nahiz helduek parte hartuko dute igandeko ikuskizunean. Ikasturtean zehar ikasitako dantzak aurkeztuko dituzte Baztartxon. Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

Born to dance dantza eskolako ikasleek ikuskizuna eskainiko dute etzi, igandea, Baztartxo antzokian. 12:00etan hasita, Jenny Calero dantzari azkoitiarraren eskolako haurrak, gazteak eta helduak igoko dira antzokiko oholtzara ikasturtean zehar ikasitako urratsak dantzatzera.

Guztira, 200 bat lagunek parte hartuko dute igandeko ikuskizunean, 5 eta 50 urte bitartekoak denak ere. Ohi bezala, askotariko dantzak eskainiko dituzte jendaurrean, hala nola areto dantzak eta musikal edo funky erakoak.

Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Ordea, berrikuntza moduan eta ikusleek ere nolabait parte har dezaten, antzokiko sarreran Gabonetako photocall bat jarriko dute, hala nahi dutenek argazkiak atera ditzaten. Horrez gain, zozketak eta jokoak egingo dituzte emanaldian zehar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide