Azkoitiko Gurutze Gorriak lehen sorospenen ikastaroa antolatu du Gabon jaietarako. Hilaren 23an, astelehenez, hasiko dute ikastaroa Azkoitiko Elkargunean, eta urtarrilaren 2an, ostegunez, amaituko dute. Herritarren artean lehen sorospenen inguruko hezkuntza eta ezagutza sustatu nahi ditu erakundeak, eta bide batez, larrialdi egoera baten aurrean behar bezalako aritzeko tresnak eman.
Bihotz-Biriketako Bizkortzearen (BBB) eta Kanpoko Desfibriladore Automatikoaren (KDA) inguruko saioak egingo dituzte, batik bat, egun horietan. "Bi teknika horien prestakuntzari esker, edonork erreakziona dezake ustekabeko edozein egoeraren aurrean, bereziki, kirol inguruneetan jazotzen diren kasuetan. Ikerketa ugarik agerian uzten dute BBB bat praktikatzeak eta KDA bat nola erabili jakiteak nabarmen handitzen zaiola bizirauteko aukera halako egoera bat pairatzen duen pertsonari", azaldu dute.
Lehen sorospenetako oinarriak jasotzeko 40 orduko formakuntza jasoko dute herritarrek. Ikastaroan parte hartzeko, ordea, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, azkoitia.heziketa@cruzroja.es helbide elektronikora idatzi beharko da, eta 140 euro ordaindu.
Goizeko saioak 09:00etatik 13:00etara egingo dituzte, eta arratsaldeetakoak, 16:00etatik 21:00etara. Hain justu, abenduaren 23ko nahiz 27ko saioak eta urtarrilaren 2koa eskainiko dituzte soilik arratsaldez. Hain justu, urtarrilaren 2an, arratsaldez, eta 3an, goizez, ikastaroa ixteko azterketak egingo dituzte.