Demode Quartet taldeak kale ikuskizuna eskainiko du bihar, ostirala. Taldeak Gurpil gainean izeneko ikuskizun ibiltaria aurkeztuko du kalean, eta izenak argitzen duen moduan, gurpil gainean ariko dira abesten. 18:30ean hasiko da laukotearen ikuskizuna, eta kalerik kale ibiliko dira hainbat abesti ezagunen bertsioak abesten.
Kantu horiek era modernoan, dibertigarrian eta A Capela aurkeztuko dituzte herrian. Zuzeneko ikuskizunarekin adin guztietako ikusleengana hurbiltzea du xede laukoteak, kulturaren ohiko kontsumitzaileak ez diren pertsonak erakarriz eta musika nahiz umorea normalean gozatzerik ez dagoen lekuetaraino eramanez.
Abenduaren 28an, Baztartxon
Talde bera Baztartxo antzokian arituko da hilaren 28an, larunbatez. Orduan, A Kupela izeneko ikuskizuna eskainiko du herriko antzokian. Emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko Entradium atarian, 10 euroan.
Garai guztietako abesti ezagunen errepasoa egingo dute Baztartxon, beraiek egindako euskarazko bertsioak eskainiz. Bertsio horiek konpainiak ohi duen moduan aurkeztuko ditu, gai bakoitzaren atzean dagoen istorioa mamituz eta pasadizo dibertigarriak edo harrigarriak eskainiz.