Aldundiaren Guztiok Mugituz saria jaso du Ziztu unibertsitate elkarteak

Andoni Elduaien 2024ko abe. 18a, 14:59

Sarituak eta erakundeetako ordezkariak, gaur. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

EHUren Donostiako Carlos Santamaria zentroan jaso du Ziztu elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak emandako saria. "Mugikortasun iraunkorraren aldeko" apustua egiten jarraituko dutela nabarmendu dute elkarteko ordezkariek.

Urola bailarako herrietatik Bizkaiko unibertsitate campusetara garraio zerbitzua ematen duen Ziztu elkarteak gaur, asteazkena, jaso du Guztiok Mugituz saria. Donostia-Leioa eta eskualdeko elkarteak jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren aitortza, EHUren Donostiako Carlos Santamaria zentroan.

Erakundeen izenean, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko diputatuak parte hartu dute gaurko ekitaldian, eta Dominguezek bi elkarteek egindako lan "altruista eta desinteresatua" aitortu du. "Pertsona askok ez luke izango nahi dituzten ikasketak egiteko aukerarik, eta, beraz, gure lurraldea kohesionatzen eta egituratzen lagundu dute". Izan ere, pertsona askori "goi mailako hezkuntzarako sarbidea bermatzeaz gain, gazte horiei beraien udalerrietan bizitzen jarraitzeko aukera" eman diete bi elkarteek.

Ziztu unibertsitate elkartearen izenean Ainhoa Alonsok hitz egin du gaur, eta hark "mugikortasun iraunkorraren aldeko" apustua egiten dutela nabarmendu du. "Mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten dugu, gazteek unibertsitateetara herrietatik joateko aukera izan dezaten; izan ere, ezinbestekoa da herrien eta hirien arteko garraio sistema eraginkorra izatea, landa eremuak garatzeko eta haien etorkizuna bermatzeko".

Era berean, Alonsok esker oneko hitzak izan ditu saria jaso duten unean: "Ziztu osatzen dugunok eskerrak eman nahi dizkiegu bide honetan lagundu gaituzten erakundeei, baita saria eman digun Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua ere; emandako diru laguntzarekin gure eginbeharra egia bihurtu da".

Zortzigarren aldiz banatu ditu aldundiak Guztiok Mugituz sariak. Mugikortasuna eskubide irisgarria eta unibertsala izan dadin laguntzen duten pertsonen eta kolektiboen lana saritzen du erakundeak aitortza horiek eginda.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide