Urola Erdiaren ardura duen Azkoitiko Gurutze Gorriak ate irekien saioa antolatu du etzirako, ostiralerako. Erakundeak gauzatzen dituen proiektuak gizarteratzeko eta aurtengo urtean egindako lanen balantzea azaltzeko, herritarrei irekitako jardunaldia egingo dute Elkargunean, 19:00etan hasita.
Etzi egingo duten tokiko batzarrean, erakundeko ordezkariek beraien jardueraren kudeaketari eta antolaketari buruzko azalpenak emango dituzte Elkargunean bildutako herritarren aurrean. "Egiten den lana azaltzeaz gain, herritarrekiko gardentasun ariketa bat egin nahi dugu", azaldu dute Gurutze Gorrikoek.
Hori horrela izanda, Gurutze Gorria zer den eta nola antolatuta dagoen azalduko dute; erakundeak Gipuzkoa mailan nahiz Azkoitian dituen proiektuak eta jarduerak azalduko dituzte, baita horiek nola kudeatzen dituzten ere; Gurutze Gorriaren giza baliabideak, baliabide logistikoak eta materialak zein diren esango dute; erakundearen 2025eko helburuak aurkeztuko dituzte; eta azkenik, herritarren galderak eta erreguak argituko dituzte.
Batzarra 19:00etan hasiko bada ere, Gurutze Gorriaren lana xehetasun eta sakontasun handiagoz ezagutu nahi duten herritarrei ordu erdi lehenago joateko eskatu die erakundeak, alegia, 18:30erako.