Urteko azken elkarretaratzea egingo du bihar Isilune Zirkuluak

Andoni Elduaien 2024ko abe. 18a, 09:43

Kontzejupean egin zuten azaroko elkarretaratzea. (Isilune Zirkulua)

Gizartearen gehiegizko kontsumismoa eta munduko gosetea salatuko dituzte bihar egingo duten elkarretaratzean. Urteko azken kontzentrazioa izango da biharkoa.

Azkoitiko Isilune Zirkuluak urteko azken elkarretaratzea egingo du bihar, osteguna, herriko plazan. Ohi bezala, 20:00etan elkartuko dira enparantza nagusian, eta oraingoan, gizartearen gehiegizko kontsumismoa eta munduko gosetea salatuko dituzte. "Gizarte kontsumistan murgildurik eta munduan gosetea nonahi ikustean, noiz esango dugu nahikoa da eta kito", adierazi dute elkarretaratzearen deitzaileek.

Giza eskubideen urraketak salatzeko egitasmoa da Azkoitiko Isilune Zirkulua, "gizatasuna" plazaratzea oinarri duena. Taldeak hileko hirugarren ostegunetan egin ohi ditu elkarretaratzeak herriko plazan, urraketa horiek "maila eta arlo guztietan" salatzeko. Azkoitiko talde desberdinek parte hartzen dute elkarretaratzeetan, hala nola Marea Urdinak, Palestinaren aldeko taldeak, Sahararen aldeko taldeak, Loiolako migratzaileen taldeak eta Azkoitiko parrokiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide