Borobila izan da asteburua ISBrentzat. Zapatuan, emakumeek garaipena lortu zuten Galizian, eta atzo, igandea, gizonek bosgarren garaipena eskuratu zuten erreskadan, sasoiko zortzigarrena. Iñaki Merinok zuzentzen duen Biele ISBk 81-72 menderatu zuen sailkapenean duen aurkaririk zuzenenetako bat. Aldiz, Luis Agirre Katxik zuzentzen duen Domusa Teknikek sufritu egin behar izan zuen sailkapeneko azkenaren etxean; 54-61 irabazi zioten CB Arxil taldeari. 50. urteurreneko omenaldien barruan, gainera, ISBk Maier Lizaso klubeko presidentea omendu zuen atzo; Juan Luis Zubizarreta Xubi eta Stephanie Thurman lagunen eskutik jaso zuen Lizasok oroigarria.
Hasierako minutuak kenduta, Azkoiti-Azpeitiko taldea nagusi izan zen lehian, bai kantxan, bai markagailuan. Andaluziarren hasierako hutsak probestu zituen ISBk partida osoan zehar galduko ez zuen abantaila hartzeko. Erritmoa bizituta saiatu zen kanpoko taldea otsoei min egiten, baina etxekoek ere modu berean erantzun zioten aurkariari. Are gehiago, jokamolde horretan gehiago izan zen ISB. Bide batez, Kordobako (Espainia) taldea faltekin kargatu zen, eta jaurtiketa libreen eremutik aurkitu zuen Merinoren taldeak puntu iturria hasieran. 25-14 itxi zuten, azkenean, aurreneko laurdena.
Bigarren laurdena parekatuagoa izan zen. Bisitarien hozkadei modu berean erantzun zion ISBk, eta hala, aldeari eustea lortu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Jokoaren ekimena etxekoena izan zen, baina atsedenaldiaren aurretik kanpokoek defentsan lerroak itxi zituzten, aldea zortzi puntura eramanez. Dena den, laurdenaren amaierako txirrinak jo baino segundo gutxi lehenago Matthew Herasmek hirukoa saskiratu zuen, tartea berriro 11 puntura igotzeko (41-30).
Aldageletatik bueltan bestelako itxura eman zuten kanpokoek. Di-da batean, ohartzerako, lau puntura jarri ziren, ISBren ordura arteko lana apur bat zapuztuz. Ordea, lau puntuko langa hori mugarri bihurtu zen Kordobako taldearentzat, haiek ez baitzuen ISB puntuetan berdindu. Saskiratze truke handia izan zen hirugarren laurdenean, baina laurdena ixteko segundo gutxiren faltan, ISBk hiruko saskiratzea lortu zuen berriro, aurkariari gerora kasik erabakigarria izan zen danbatekoa emanez (63-56).
Gauza asko zuen egiteko Merinoren taldeak Coto Cordoba CB mendean hartu nahi bazuen, baina lanerako kantxaratu zen. Halaber, talde bisitariari saskia uzkurtu egin zitzaion erasoan, eta ISBk une hori baliatu zuen lehia bideratzeko; hamabi puntura ere urrundu ziren otsoak uneren batean. Azkoiti-Azpeitiko taldeak Kordobakoari erantzuten jakin zuen azken laurdenean, eta hala, denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratu zuen (81-72).
Atzo, Iñigo Royo izan zen ISBko onena; Herasmek pilatu zituen puntu gehien —hamasei puntu saskiratu zituen—, baina Royok hemeretzi puntuko balorazioa eskuratu zuen. Datorren asteburuan ere etxean arituko dira Merinoren gizonak. Igandean, 18:00etan, ISBk baino bi garaipen gutxiago dituen Lobe Huesca La Magia taldea izango dute arerio, Azpeitiko kiroldegian.
Emakumeen garaipena Galizian
Domusa Teknik ISBk ere garaipena eskuratu zuen zapatuan, Pontevedran (Galizia). CB Arxil sailkapeneko azkenaren etxean jokatu zuen Katxiren taldeak, eta 54-61 irabazi zuen. Atsedenaldirako hamabost puntuko tartea hartu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, baina hirugarren laurdenean hankaz gora jarri zuten partida etxekoek. Gogotik egin behar izan zuten lan ISBkoek garaipena lortzeko.
Hasiera ona egin zuten etxekoek, markagailuan bost puntuko tartea zabalduta. Dena den, ISBk defentsan estutu zituen aurkariak, baita erasoko erritmoa igo ere, eta hala, 12-20 itxi zuten laurdena. Bigarren laurdenean ere ziurtasunez aritu ziren Katxiren jokalariak kantxaren bi aldeetan, eta aldea handitu besterik ez zuten egin aldageletara joan aurretik (19-34).
Etenaldiaren ondoren, ordea, goitik behera trakestu zen partida otsoentzat. Defentsan gogor aritu ziren etxekoak, eta arin erasoan. Pentsa, markagailua irauli zuten (38-36), ISBk bi puntu lortzerako batu zituzten-eta Galiziakoek hemeretzi. Hala eta guztiz ere, ISBk bi hiruko saskiratze lortu zituen laurdena amaitu aurretik, eta lau puntu goitik ailegatu ziren azken hamar minutuetara (38-42).
Azken laurdenak patxada eskatzen zuen, behar baino gehiago ez estutzea, alegia, eta otsoak ondo aritu ziren kantxan. Pontevedran garaipena eskuratzeko beharrezkoa zen erritmoa ezarri zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta Arxilen azken saiakera etenda, denboraldiko seigarren garaipena eskuratu zuen Katxiren taldeak.
Juana Maria Molina izan zen ISBko onena Arxilen aurka. Hamasei puntu saskiratu zituen joko antolatzaileak hamabost puntuko balorazioa lortuz. Datorren asteburuan ere etxetik urrun arituko da Domusa Teknik ISB, eta berriro ere sailkapeneko azken postuetan den aurkari bat izango du parez pare; Lima Horta Barcelona taldearen Virolai kantxan jokatuko dute igandean, 12:45ean.