Anaitasunako gizonen lehen taldeak ezin izan du lehengo asteko emaitza errepikatu, Real Union B-ren aurka gaur eguerdian jokatu duen partidan, ihes egin baitio garaipenak. Gizonen Ohorezko Erregional Mailako gorritxoek Irungo taldearen etxean jokatu du ligako 14. jardunaldia, eta partida hasi bezain laster gola sartzeko hainbat aukera izan badituzte ere, Real Unionek aurre hartu die 24. minutuan. Emaitza horrekin iritsi dira atsedenaldira, eta handik itzuli direnean, Anaitasunak markagailua berdintzea lortu du, Xabik area ertzeko jaurtiketa batetik sartutako golari esker. Ordea, gutxi iraun du Azkoitiko taldearen pozak, bost minutura Irungoak berriz aurre hartu baitu. Azkenean, 2-1 amaitu dute bi taldeek norgehiagoka, eta gorritxoek ezin izan dute punturik etxeratu.
Hori horrela, sailkapeneko zortzigarren postuan kokatu da Anaitasuna, 22 punturekin. Datorren astean, berriz, etxean jokatuko dute gorritxoek, eta ligako 15. jardunaldian, Mutriku hartuko dute Txerloian.
Emakumeek, berdinketa
Euskal Ligako emakumeen taldeak, bestalde, berdindu egin zuen atzo, Basauriko Kimuak taldearen aurka Txerloian jokatutako ligako partida. Taldeek gol bana sartu zuten neurketan, eta gorritxoak izan ziren horretan lehenak; izan ere, partida 20. minutuan zela, Arettek area ertzeko jaurtiketa batetik zuzenean sartu zuen baloia sarera, eta gol ikusgarri bat eginez. Aretteren golari esker, Anaitasuna aurretik jarri zen markagailuan, baina ez zuen askorik iraun egoerak, 28. minutuan Bizkaiko taldearen gola iritsi baitzen. Ondorengo minutuetan ere golak sartzeko hainbat aukera izan zituzten batak zein besteak, baina inork ezin zuen halakorik lortu, eta azkenean, markagailua 1-1 zela iritsi zen partida amaierara.
Gaur-gaurkoz, sailkapeneko 12. postuan da Azkoitiko taldea, 16 punturekin. Datorren astean, berriz, Getxoko Bizkeneskak taldearen aurka jokatuko dute ligako 16. jardunaldia, Bizkaiko udalerri horretan.