Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala jokatu dute gaur arratsaldean zortzi bertsolarik Donostian, Ilunben. Alaia Martinek jantzi du txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz buru aritu ondoren. Saio gogoangarria eskaini dute bertsolariek, eta gogotik gozatu dute zaleek.
Eneritz Artetxek eserleku bat izan du gaur agertokian, eta zortzigarren postua eskuratu du, 574,5 puntu batuta. Gipuzkoako lehen finala zuen gaurkoa, eta lan oso txukuna egin du, bertsoaldi ederrak osatu ditu.
Gaurko finaleko sari banaketa ekitaldian Gipuzkoako bertso eskoletako ordezkariak izan dira agertokian, eta Unai Gaztelumendik egindako irudi bana jaso dute bertsolariek. Artetxeri, esaterako, Haritz Etxeberria Ministro Erniarraitz elkarteko kideak eman dio zegokion saria, besarkada estu batekin batera.
Martinek, Gaztelumendik eta Artetxek ez ezik, Aner Peritzek, Oihana Iguaranek, Ane Labakak, Nerea Elustondok eta Andoni Rekondok ere kantatu dute finalean. Zortzi bertsolariek 2026an jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela lortuta dute.
Honako hau da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finaleko sailkapena:
- Alaia Martin: 1099,5 puntu.
- Beñat Gaztelumendi: 1054,5 puntu.
- Oihana Iguaran: 637 puntu.
- Ane Labaka: 626 puntu.
- Aner Peritz: 617 puntu.
- Nerea Elustondo: 590 puntu.
- Andoni Rekondo: 578,5 puntu.
- Eneritz Artetxe: 574,5 puntu.