Urte berriko aurreneko kontzertuetarako eta antzezlanetarako sarrerak, salgai

Andoni Elduaien 2024ko abe. 12a, 11:35

Garmendia eta Plazaola dira 'Arizona' antzezlaneko protagonistak. (Txalo)

Urtarrilean eta otsailean, La sed del minotauro eta Arizona antzezlanak, Jon Maiaren kontzertua eta Go!azen 11 kontzertua izango dira Baztartxo antzokian. Ikuskizun horietarako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke. Ordea, urtea amaitu aurretik beste lau ikuskizun izango dira herrian.

Salgai daude dagoeneko Azkoitiko Udalak 2025. urteko aurreneko bi hilabeteetarako antolatu dituen kontzertuetarako eta antzezlanetarako sarrerak. Urtarrilean, batetik, La sed del minotauro antzezlana taularatuko dute Baztartxon, eta bestetik, Jon Maiak Kantu berri bat gara lana aurkeztuko du. Otsailean, berriz, Txalo Produkzioaken Arizona antzezlana eta Go!azen 11 kontzertua izango dira ikusgai, antzoki berean.

Urtarrilaren 11n, larunbatez, taularatuko dute La sed del minotauro antzezlana. Antiheroiez mintzatuko dira antzezlanean, izaki nahigabetuez eta apur bat desesperatuez, zoriona konkistatzeko borroka galtzeko beldurrari aurre egiten dioten izakiez, gizon-emakume sendoez eta bihotz handikoez. Pertsona horiek guztiek bat eginda sortzen den indarretik eta argitik hitz egingo dute Baztartxoko taula gainean. Elkar gurutzatzen diren istorioen arteko talka bat eraiki nahi du obrak, eraldaketa bat, berehalako hondoratzearen eta erreskateko une magikoaren artean. Honako lotura honetan eros daitezke antzezlan horretarako sarrerak.

Urtarrilaren 25ean, larunbatez, Jon Maia musikari eta bertsolari zumaiarrak Kantu berri bat gara lana aurkeztuko du. Maiak 2021ean atera zuen Kantu bat gara lehen lana, letragile modura azken 30 urteotan idatzitako kantuen antologia, eta lan horrek izandako arrakastaren bulkadarekin kaleratu du orain lan berria. Abesti berriak dira nagusi proiektu berriko zutabeak, baina Negu Gorriaken, Gozategiren, Gariren eta Pello Reparazen kantuen bertsioak ere entzun daitezke. Honako lotura honetan eskuratu daitezke Maiaren kontzerturako sarrerak.

Otsailaren 8an, larunbatez, Txalo Produkzioak konpainiak Arizona antzezlana aurkeztuko du. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia protagonista dituen lanak mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta egiten du, bizitzaren basamortuan galdutako bi gizakiren arimaren erretratu tragikomikoa erakusteaz gain. Honako lotura honetan eros daitezke antzezlanerako sarrerak.

Go!azen 11 telesaileko aktoreen kontzertua otsailaren 15ean, larunbatez, izango da. Musika, dantza eta kantua uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko dute herrian, ohi bezala. Ikuskizuna birritan eskainiko dute Azkoitian; izan ere, 16:00etan emango dute aurreneko emanaldia, eta bigarrena, 18:30ean. Honako lotura honetan eros daitezke kontzerturako sarrerak.

Aurtengoak ere bai

2024. urtea agurtu aurretik, ordea, lau ikuskizun izango dira herrian, horietako bi datorren zapatuan. Batetik, Baztartxon, Pop Revolution izeneko ikuskizuna eskainiko du Rafa Zuloagak zuzentzen duen Earth Song Project taldeak, 19:00etan. Rocketik popera jauzia eginda, Lady Gaga, Dua Lipa, Rihanna, Coldplay eta The Weekend taldeen kantez osatutako errepertorioa taularatuko dute. Honako lotura honetan eros daitezke kontzerturako sarrerak.

Horrez gain, Anestesia eta Txatar musika taldeen kontzertuak ere izango dira zapatuan. Bi musika talde horiek Elkarguneko Herri Plaza aretoan arituko dira, 22:00etan hasita. Zarauzko Anestesia taldea agurreko biran murgilduta dago, eta Azken heriotza izeneko emanaldia eskainiko du herrian. Azkoiti-Azpeitiko Txatar taldeak, berriz, Hildakoen jainko diskoko abestiak joko ditu Elkargunean. Honako lotura honetan eros daitezke zapatuko kontzertuetarako sarrerak; dena den, Entzun kultur elkarteak jakinarazi du sarrera gutxi batzuk besterik ez direla geratzen.

Abenduaren 23an, azkenik, Katxiporreta taldeko pailazoek Ostirala iritsi da! izeneko ikuskizun berria eskainiko dute Baztartxon. Pailazoek ere bi emanaldi eskainiko dituzte Azkoitian egun berean: 16:00etan hasiko da aurreneko saioa, eta 18:30ean bigarrena. Honako lotura honetan eskuratu daitezke ikuskizunerako sarrerak.

Urteko azken ikuskizuna, berriz, Demode Quartet taldeak eskainiko du Baztartxon. Taldeko lau kideek A Kupela izeneko lana aurkeztuko dute, garai guztietako abesti ezagunen errepasoa eginez. Laukoteak findutako euskarazko bertsioak eskainiz, orain arte erabili ez dituzten esperimentu eta ezusteko ahots batzuk aurkeztuko dituzte. Honako lotura honetan eros daitezke ikuskizunerako sarrerak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide