Biele ISBk gozo egin du lo gaur, eta ez da gutxiagorako. Atzo, asteazkena, segidako laugarren garaipena kateatu zuen Algecirasen (Espainia), Damex UDEA Algeciras taldeari 54-80 irabazita. Olatu aparretan jarraitzen du Iñaki Merinoren taldeak, eta sailkapeneko onenen artean kokatu da; Caceres Patrimonio de la Humanidad liderra du bakar-bakarrik aurretik, garaipen bat gehiagorekin.
Atzo ere sendo ekin zion Azkoiti-Azpeitiko taldeak norgehiagokari, eta aukera gutxi eskaini zizkion etxeko taldeari. Horren adibide da, markagailuan une oro aurretik joan izana, Bina berdindu zutenetik, ISBk ez zion aukerarik eman Andaluziako saskibaloi taldeari; bosgarren minuturako bederatzi puntuko errenta zabaldu zuten otsoek (5-14). Etxekoen joko antolatzailearen minutu txukunei esker, etxekoek aldea txikitzea lortu zuten; ordea, ISBk ez zuen bero-bero eta sasoian duen motorra itzaltzeko asmorik azaldu, eta lehen laurdena hamar puntu goitik itxi zuen (14-24).
Bigarren laurdena oso traketsa izan zen bi aldeetan. Saskiaren aurrean gutxi asmatu zuten bai etxekoek, bai kanpokoek; bost minutu jokatuta, talde bakoitzak launa puntu saskiratu zituen. Dena den, ISBri ez zion gehiegi axola izan horrek, markagailuko errenta hamar punturen bueltan mantentzea lotzen ari zen eta. Etxeko taldeak, baina, atsedenaldira iritsi aurreko minutuetan ISB blokatzea lortu zuen, eta 7-0eko partzial bati esker, bien arteko tartea gutxitu zuen (27-34).
Aldageletatik bueltan iritsi zen Merinoren taldearen erauntsia; orduan hautsi zuen lehia ISBk. Otsoek maila aparta erakutsi zuten kantxaren bi aldeetan; pentsa, 1-21eko partziala lortu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta hala, partida erabakita utzi zuen. Lehia hirugarren laurdenaren erdian zela, Algecirasko Juan Carlos Mateo kantxako markagailuak 28-55 erakusten zuen. Egoera zein zen ikusita —29 puntu goitik ere izan zen uneren batean—, hirugarren aldiaren erditik aurrera patxadaz aritu zen ISB. Azkenean, 37-65 itxi zuten laurdena.
Handik aurrera, ikusteko ezer gutxi utzi zuten bi taldeek kantxan. Jardunaldi bikoitzeko astea izanda, eta igandeko partidarekin pentsatuz, ISBk asko lasaitu zuen jokoa. Etxeko taldea azken laurdena irabazteko gai izan zen, eta horixe izan zen haien eguneko poz bakarra. Otsoen artean Danrad Knowles eta Matthew Herasme nabarmendu ziren atzo. Knowlesek hemezortzi puntu batu zituen eta Herasmek hamazazpi. Dena den, Herasmek 26 puntuko balorazioa lortu zuen, besteak beste, bost errebote eta lau asistentzia ere lortu baitzitzuen.
Mailarik onenean
Sailkapeneko bigarrena da orain Merinoren taldea, zazpi garaipen eta hiru porrot pilatuta. Denboraldiaren hasieran Merino entrenatzaileak esan zuen, bere asmoa zela urte honen amaierarako taldearen "bertsiorik onena" lortzea. Emaitzak ikusi besterik ez dago, bere taldea abendura joko punturik onenean iritsi dela.
Abendua amaitzeko bi partida jokatu beharko dituzte otsoek, biak etxean, biak Azpeitian, biak igandez (18:00). Datorren igandean, hasteko, berebiziko garrantzia duen lehia jokatuko dute Merinorenek; izan ere, sailkapeneko laugarren taldea, Coto Cordoba CB, jasoko dute Azpeitiko kiroldegian. Garaipen bat gutxiago du Andaluziako taldeak, eta haiei irabazita lortuko luke bi partidako tartea irekitzea. Hilaren 22an, berriz, Lobe Huesca La Magia taldearekin neurtuko dituzte indarrak otsoek.
Emakumeen Domusa Teknik taldeak, bestalde, zapatuan jokatuko du liga txapelketako hamabigarren partida. CB Arxil taldearen etxean, Pontevedran (Galizia), arituko da Luis Agirre Katxi entrenatzailearen taldea. Zapatuan jokatuko dute partida, 19:30ean hasita.