Gipuzkoako BM supermerkatuetako pertsonal faltak langileak "ito" egiten dituela salatu du enpresa batzordeak

Julene Frantzesena 2024ko abe. 10a, 10:25

Azkoitiko BM supermerkatuaren kanpoaldea. (Andoni Elduaien)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BM supermerkatuek osatzen dute DISU, eta enpresa horretako langileen batzordeak publikoki salatu nahi izan du Gipuzkoako saltokietako "egoera larria". Antolaketa eta errefortzu faltak "ondorio larriak" ekarri dituztela ohartarazi dute langileen ordezkariek. Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian ditu BMk eskualdeko supermerkatuak.

BM supermerkatuetako pertsonal faltak langileak "ito" egiten dituela salatu du DISU SL enpresako langileen batzordeak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BM supermerkatuek osatzen dute DISU, eta enpresa horretako langile batzordeak publikoki salatu nahi izan du Gipuzkoako saltokietako "egoera larria". Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian ditu BMk eskualdeko supermerkatuak.

Pai Partners Parisko funtsarena da BM supermerkatuak kide den Uvesco taldearen %70a, eta enpresa hori jabe bihurtu zenetik pertsonalaren kudeaketa "nabarmen kaskartu" dela esan du enpresa batzordeak. "Oporrak, norbere arrazoiengatik eskatutako jaiegunak nahiz langileek egindako ordu extrak ez dituzte ordezkatzen, eta ondorioz, saltokiek martxan jarraitzen dute behar baino langile gutxiagorekin". Gainera, asteko 40 orduko lan kontratu gero eta gutxiago egiten dituztela ere salatu du DISUko batzordeak.

Antolaketa eta errefortzu faltak "ondorio larriak" ekarri dituztela ohartarazi dute langileen ordezkariek. Batetik, adierazi dute "sostengaezina den lan kargari aurre" egin behar izaten diotela beharginek, "pertsona biren edo gehiagoren lanei erantzun behar izaten dietelako". Bestetik, jakinarazi dute "baliabide nahikorik gabe" zerbitzuak mantendu ahal izateko "estres iraunkorra" pairatzen dutela langileek. Horrez gain, bezeroei eskaintzen zaien zerbitzuak ere "okerrera" egin duela esan dute, itxarote denbora luzeagoak jasan behar izaten dituztelako eta pertsonalizatutako arreta eskasagoa eskaintzen zaielako.

Langileei bikaintasuna eskatzen jarraitzerik ez dagoela azaldu du DISUko enpresa batzordeak, enpresak ez baitizkie beren lana egiteko behar dituzten tresnak eta baliabideak eskaintzen. "Politika horiekin plantillak agortzen eta eguneroko lana aurrera atera behar duten langileei frustrazioa eragiten ari dira". Horregatik, neurriak berehala hartzeko, beharrezkoak diren ordezkapenak bermatzeko eta Gabonen gisako sasoietan errefortzuak hartzeko eskatu diote enpresari.

"Ez da onargarria, langileen osasuna eta bezeroen asebetetzea alde batera utzita, irabazi ekonomikoak izatea enpresaren lehentasuna", gaineratu du langileen batzordeak. Uvescok arduraz jokatzeko ordua dela adierazi du, bestalde, eta esan du enpresak bere negozioa sostengatzen duten pertsonak baloratzen dituela frogatzeko ordua dela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide