Onenen artean segitzeko garaipena lortu du Anaitasunak Txerloian

Andoni Elduaien 2024ko abe. 7a, 09:51

Ander Pastrianek bi golak ezinbestekoak izan ziren garaipena lortzeko. (Anaitasuna)

Gizonek 4-2 irabazi zioten atzo arratsaldean, ostirala, Elgoibarri. Lehen zatian hiru gol egin zituzten Barbadoren gizonek, baina bigarrenean sufritzea egokitu zitzaien. Emakumeek, berriz, jipoi handia hartu zuten Zarauzko Asti futbol zelaian; Barquerorenek 5-1 galdu zuten hango taldearen aurka.

Anaitasuna futbol taldearen motorrak bero-bero jarraitzen du. Atzo, ostirala, 4-2 menderatu zuen Borja Rocha entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen Elgoibar. Lehen zatian gorritxoek erakustaldi latza eman bazuten ere, bigarrenean estu jarri zitzaion dema Loren Barbadoren taldeari, harik eta azken unean garaipena ziurtatzeko golak gizonei arnasa eman zien arte. 

Aukera garbirik gabeko minutuak jokatu eta gero, izan zituen abagune guztiak sareratzea erabaki zuen Anaitasunak. Hogei minutu eskasean hiru gol egin zizkieten gorritxoek Elgoibarkoei. 24. minutuan egin zuen etxekoen aldeko lehen gola Ander Pastrianek, eta protagonista bera izan zen golegilea handik bost minutura; bi eta huts aurrea hartuta, norgehiagoka bikain bideratu zuten Barbadorenek lehen zatiaren erdian. Gainera, atsedenaldira iritsi aurretik lehia ia errematatuta utzi zuten gorritxoek, Galder Guemberen golari esker. Hiru goleko abantailarekin hartu zuen Anaitasunak aldageletarako bidea.

Ordea, bigarren zatiak ez zuen lehenarekin zerikusirik izan. Batetik, Anaitasunak markagailuko errentarekin jokatu nahian edo, patxada handiagoz aritu zen berdegunean. Bestetik, berriz, hutsetik hasi nahi izan zuen Rocharen taldeak. Indartsu ekinda, Josue Goenaga atezainak Elgoibarkoen lehen gola ekidin zuen hasi eta hamar minutura. Nolanahi ere, 73. minutuan ezin izan zuen ezer egin. Bisitariek gola lortu zuten orduan, eta Txerloian zerbait lortzeko gai zirela sinetsi zuten. Gorka Larrañaga Bittorrek izan zuen Anaitasunarentzako kanpokoen ahalegin guztiak errotik mozteko gol aukera bat, baina jaurtiketa egina kanpora bidali zuen baloia. Anaitasunak barkatu egin zuen, eta Elgoibarrek asmatu; partida amaitzeko ordu laurden eskasen faltan bigarren gola egin zuten Azkaratez bestaldekoek. 

Oskarbi zegoen zerua pixkanaka iluntzen hasi zen Anaitasunarentzat Txerloia gainean, are gehiago, kanpoko taldeak erasoan jarraitzen zuela ikusita. Goenaga atezainak geldiketa on bat eginda ekidin zuen berdinketa luzapenerako hamar minuturen faltan; gorritxoak salbatu zituen atzo hasierako hamaikakoan zelairatuta aritu zen atezain azkoitiarrak. Dena den, erabateko lasaitasuna lortzeko azken gol bat behar izan zuen Anaitasunak. 89. minutuan, Ion Izagirrek korner jokaldi baten osteko aldaratze bat probestu zuen bere taldeari garaipena emango zion gola egiteko. Handik aurrera, ezer gutxi ikusi zen Txerloian; Anaitasunak garaipena ziurtatu zuen, Rocharen Elgoibar aukerarik gabe utziz.

Denboraldi hasieran abiadura hartzea kostatu bazitzaion ere, jokoan izan diren azken 24 puntuetatik hemezortzi pilatu ditu Anaitasunak. 22 puntu ditu orain Barbadoren taldeak, eta sailkapeneko zazpigarrena da. Dena den, zazpi talde daude lau punturen bueltan; Zarautz liderra da, gaur-gaurkoz tropelari metro gutxi batzuk ateratzen dizkion talde bakarra. Datorren asteburuan, Real Union bigarren taldearen aurka jokatuko dute Barbadorenek, Irungo (Gipuzkoa) Gal belar artifizialeko zelaian. Azken asteetan behetik gora egin dute Irungoek, eta sailkapeneko aurreneko postuetan kokatu dira. Irteera zaila izango dute, beraz, gorritxoek. 

Emakumeek galdu, Zarautzen

Mikel Barquero entrenatzaileak zuzentzen duen Euskal Ligako emakumeen taldeak, bestalde, 5-1 galdu zuen atzo goizean, Zarauzko Asti futbol zelaian. Ordu laurdena bete zenean lortu zuten etxekoek aurrea hartzea, baina lehia gogorra jokatu zuten bi taldeek lehen erdi osoan; atsedenaldira markagailu horrekin iritsi baitzen partida. 

Bigarren zatian, ordea, trakets aritu zen Anaitasuna, lehiari berrekin eta hamar minutu betetzerako egin zuten-eta Zarauzkoek bigarren gola. Aldaketak eginda saiatu zen Barquero bere taldearen jokoaren norabidea aldatzen, baina etxekoek dema guztiz erabakita utzi zuten 70. minutuaren aurretik hirugarren gola eginda; halaber, handik gutxira laugarrena lortu zuten. Gorritxoak ohorezko gola egiteko gai izan ziren, ordea; zelaian ordu laurden inguru zeraman Arette Egigurenek Zarauzko atezaina aurreratuta ikusi zuen, eta urrundik jaurtiketa eginda erdietsi zuen Anaitasunarentzako gola egitea. Dena den, ez zen neurketako azken gola izan Egigurenena; etxekoek 90. minutuan egin zuten bosgarren eta azken gola. 

Sailkapenean erditik behera jarraitzen dute Barquerorenek, hamabost punturekin. Datorren asteburuan, Basauriko Kimuak taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak gorritxoek. Sailkapenaren erdian daude kokatuta gaur-gaurkoz bizkaitarrak, eta haiengana hurbiltzeko aukera ezin hobea izango dute Txerloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide