Gabon kanta zaharrak eta berriak entzungai, igandeko Gabon Kantak jaialdian

Andoni Elduaien

Hainbat ikasle, Gabon kantak abesten, iaz. (Ane Olaizola)

12:00etan hasiko da Floreaga ikastetxeak antolatutako 33. Gabon Kantak jaialdia, igandean. Ikastetxeko eta Gipuzkoako gazteen zenbait abesbatza elkartuko dira Baztartxo antzokian.

Datorren igandean, hilak 15, Gabon Kantak jaialdia eskainiko du Floreaga ikastetxeak, Baztartxo antzokian. Ikastetxeko komunitateak eta hango guraso elkarteak antolatuta, 33. aldiz egingo dute aurten jaialdia. 12:00etan hasita, Gabon jaietan han eta hemen abestu ohi diren kantuak eskainiko dituzte oholtzara igoko diren taldeek.

Ikastetxeko nahiz Gipuzkoako zenbait abesbatza gazte igoko dira abestera antzokiko oholtzara. Hain zuzen, Floreagako haurren taldea, Bergarako musika eskolako abesbatza, Mutrikuko musika eskolako abesbatza eta Floreagako Alai Batza korua igoko dira oholtzara Gabon kantak abestera. Urtero bezala, beraz, herritarrek Gabon jaietan murgiltzeko aukera izango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide