Maiatzaren 10ean jokatuko duten Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa prestatzeko emakumeei zuzendutako beste entrenamendu saio bat antolatu dute datorren zapaturako, hilaren 14rako. Oraingo honetan, antolatzaileek Azkoitian jarri dute hitzordua, eta Ainara Urrutia mendi korrikalariak gidatuko du. Parte hartzaileek hamalau kilometroko eta 970 metroko desnibela duen ibilbidea osatuko dute inguruko mendietan.
Korrikalariak 08:30ean geratuko dira Azkoitiko Elkargunean, eta horiek kiroldegian bertan izango dituzte gauzak uzteko kontsignak. Dutxatzeko aukera ere izango dute han, eta ohikoa den moduan, amaieran hamaiketakoa egingo dute guztiek.
Dagoeneko eman daiteke izena entrenamendu saioan, Lagun Onak mendi bazkunaren atarian. Era berean, antolatzaileek jakinarazi dute Azpeititik Azkoitira doazenek lineako autobusa har dezaketela 08:10ean.