8.667 kultura bonu jarri ditu salgai aldundiak gaur hasiko den kanpainaren barruan

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 5a, 11:59

Goizane Alvarez Kultura diputatua, Julia Otxoa idazlea eta Adolfo Lopez Txokarro Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteko presidentea, kanpainaren aurkezpenean. (GFA)

"Gabonetan kultura oparitzeko eta kulturaz gozatzeko", 2.666 bonu jarri dituzte euskarazko produktuetarako eta 6.001 beste hizkuntzetako produktuetarako. Azkoitian ere eskuratu daitezke urtarrilaren 31ra arte erabili ahalko diren bonuak.

"Gabonetan kultura oparitzeko eta kulturaz gozatzeko", literatura, musika eta zinema produktuen kontsumoa sustatzeko zein tokiko merkataritzari laguntzeko, Kultura Bonua kanpaina martxan jarri du aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Guztira 8.667 bonu jarri dituzte eskuragarri, 2.666 euskarazko produktuetarako eta 6.001 beste hizkuntzetako produktuetarako. Lurralde osoko 71 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, horietan erosi eta erabili ahal izango dira aldundiaren Kultura bonuak, eta Azkoitiko Amaitz da kanpainan parte hartuko duten saltokietako bat. Kultura bonuak eskainiko dituzten lurraldeko gainerako establezimenduak aldundiaren Kultura departamentuaren webgunean ikus daitezke.

20 eurotik gorako erosketetan, gehienez 12 euroko deskontuak lortu ahalko dituzte bonuak dituzten erosleek euskarazko literatuta, musika edo zinema produktuetan; eta gehienez 8 euroko deskontuak, bestelako hizkuntzetako produktuetan.

Gaur hasita, urtarrilaren 31ra arte erabili ahalko dira 2024ko kanpainako aldundiaren kultura bonuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide