Eskuz Binakako Pilota Txapelketak Azkoitian egingo du geldialdia urtarrilaren 2an, ostegunez. 17:00etan hasita, txapelketako zazpigarren jardunaldiko bi pilota partida ikusteko aukera izango dute pilota zaleek herriko Gurea pilotalekuan.
Jaialdiko partida nagusian, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta ariko dira batetik, eta bestetik, Unai Laso —Lau eta Erdiko txapelduna— eta Martxel Iztueta. Dena den, aurretik, promozio mailako partida bat ere izango da: Asier Agirrek eta Gorka Ugartemendiak, Dario Gomez eta Arkaitz Gabirondo izango dituzte aurkari.
Sarrerak, salgai
Urtarrilaren 2ko pilota jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Internetez erosi nahi dituztenek, Entradas Fronton atarian eskuratu ahalko dituzte horiek. Kantxako sarrerak 35 euroan eros daitezke, eta goiko harmailakoak nahiz errebotekoak, 20 euroan. Honako lotura honetan eskuratu daitezke sarrerak.