Ane Bosch txapeldun, Gipuzkoako Kros Txapelketan

Andoni Elduaien 2024ko abe. 3a, 10:33

Bosch korrika, Eibarko Arraten. (Utzitakoa)

Xeye taldeko korrikalariak 16 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen igandean, Eibarren. Arrate auzoko zelaietan jokatu zuten txapelketa.

Ane Bosch Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarrak Gipuzkoako Kros Txapelketa irabazi zuen herenegun, igandea, Eibarren. Azkoitiarra 16 urtez azpikoen proban nagusitu zen, lasterketa Donostiako Xanju kirol klubeko Izaro Duranen aurretik amaituta.

LXXIII. Bolunburu Oroigarria izeneko proba jokatu zuten Eibarko Arrate auzoan. 16 urtez azpiko parte hartzaileek 2.800 metroko distantzia zuen ibilbidea osatu behar izan zuten, eta bere adin arteko guztietan azkarrena izan zen Bosch.

Bosch, erdian, txapeldunaren kopa eskuetan duela. (Utzitakoa)

Emaitza onak

Dena den, Boschena ez zen eguneko emaitza on bakarra izan. Xeyek ordezkaritza zabala izan zuen Eibarren, eta 20 urtez azpikoen mailan, Bingen Aranbarri hirugarren sailkatu zen. Taldeka ere bikain aritu ziren haurrak; izan ere, haurren eta alebinen mailako nesken talde banak irabazi zuten Gipuzkoako Txapelketa. Banaka, berriz, bigarren postuetan sailkatu ziren mutiletan haur eta alebin mailako korrikalari bana, baita alebin mailako neska bat ere. Eskolartekoan, guztira, 23 korrikalarik parte hartu zuten, eta guztiek "oso lan ona" egin zuten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide