Hartu du Sant Feliu de Llobregateko gotzain kargua Xabier Gomez azkoitiarrak. Herenegun, zapatuan, egin zuten hura gotzain izendatzeko elizkizuna. Agustin Cortés ordezkatuko du Gomezek gotzain karguan. Ebanjelioko liburua gotzain berriaren buru gainean zabaldu zuten, liburu horrek gotzain berriaren zerbitzuan izango duen sinbologia irudikatuz. Horren ondoren hartu zituen azkoitiarrak gotzain izendapena baieztatzeko eraztuna, mitra eta makulua.
Humilitas leloa hautatu zuen Gomezek jendaurrean hitz egiteko, hau da, lurrari lotuta egotearen garrantzia azpimarratu zuen hark kargu hartze ekitaldian. Era berean, hizpide izan zituen Frantzisko aita santua, migratzaileak eta zerbitzatzeko borondatea.
Espainiako Predikarien Ordenaren arabera, azken 60 urteetan fraide domingotar batek Espainiako elizbarruti batean apezpikutza bere gain hartzen duen lehen aldia da. Madrilgo Tomas Akinokoa komentuko priorea eta Espainiako Apezpiku Konferentziako Migrazio departamentuko zuzendaria izan da orain arte azkoitiarra.
Donostiako Elizbarrutiak 1994an izendatu zuen Gomez apaiz, eta domingotarrekin ekin zion nobiziotza Salamancan (Espainia). Teologian lizentziatua, Familia Orientazioko edo Bitartekaritzako Masterra du egina, eta Kulturarteko Gizarte Bitartekaritzan espezializatu zen Madrilgo Unibertsitatean. Elgoibarko (Gipuzkoa) Parrokiako bikarioa izan zen 1994tik 1997ra artean, eta Eskoriatzako (Gipuzkoa) Pastoral Barrutiko parrokoa eta koordinatzailea, 1997tik 2003ra artean.