Eneritz Artetxe: "Batez ere, egindako bidearen poza sentitzen dut"

Julene Frantzesena 2024ko abe. 2a, 10:16

Eneritz Artetxe, Zarauzko finalaurrekoan kantatzen. (Bertsoa.eus)

"Luze" jotako asteak amaiera ezin hobea izan zuen atzo arratsean Azkoitiko bertsolariarentzat: Arrasatekoarekin finalaurrekoak osatuta, txartela poltsikoan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean ariko da lehen aldiz abenduaren 14an, Donostia Arenan.

Zarauzko finalaurrekotik hanka bat finalean zuela irten zen Eneritz Artetxe, eta atzo, Arrasaten finalaurrekoen hirugarren eta azken saioa jokatu ondoren, bi hankak, burua eta guzti sartu zituen azkoitiarrak 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean. Abenduaren 14an, 17:00etan hasita, Donostia Arenan lehiatuko da Artetxe Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Andoni Rekondo eta Aner Peritzekin batera.

"Oraindik sinetsi ezinda nago, baina iritsiko naiz gustura egotera", zioen Artetxek atzo, finalean izango dela jakin berritan. Astea "luze" egin zitzaiola gaineratu zuen: "Uste dut bizitzan lehen aldiz sentitu dudala igande iluntzea iristeko gogoa". Arrasateko saioan izan zen azkoitiarra atzo arratsaldean; saioa "lasai" entzun zuen arren, puntuazioak jakin bitarteko tartean nabaritu zuen urduritasuna.

Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasetik abiatuta iritsi da Artetxe finalera, hasiera hartan halakorik burutik pasatu ere egin ez arren. Izan ere, bederatzi urtez bertso plazak "erdi baztertuta" izan ondoren iritsi zaio final handi batean aritzeko lehen aukera. Hori kontuan hartuta, "batez ere egindako bidearen poza sentitzen dut", dio Artetxek, eta "azken urtebetean gozatu ederra hartu" duela azaldu du, "bai bertso eskolan, bai saioetan".

Finaleko aurpegi berriak aldaketaren erakusgarri al diren galdetuta, berriz, honela erantzun du bertsolari azkoitiarrak: "Aurtengo finalean bagenekien bai edo bai aurpegi berriak egongo zirela, baina txapelketako saioak egun batean jokatzen dira eta gu gauden lekuan beste asko egon zitezkeen, izan aurpegi berriak edo ez hain berriak. Noski, plazan eman den aldaketa nabaritu da txapelketan ere".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide