Hanka bat Gipuzkoako finalean du Eneritz Artetxe bertsolariak

Julene Frantzesena 2024ko aza. 24a, 19:39

Eneritz Artetxe gaurko Zarauzko saioan. (Bertsozale.eus)

Aritzbatalde kiroldegian 1.400 bertsozale bildu dira, eta lan oso ona eginda, Martin nagusitu da. Haren atzetik sailkatu dira Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Aner Peritz zarauztarra. Bi horiek aukera dute datorren abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera sailkatzeko. Dena den, datorren igandean Arrasaten izango den azken finalerdiaren zain egon beharko dute finalean aulkirik izango al duten ikusteko.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa izan da gaur, Zarautzen, Aritzbatalde kiroldegian, eta saio borobila eginda, Alaia Martin nagusitu da; 544,5 puntu lortu ditu hark. Oiartzuarrak finalerako zuzeneko txartela lortu du gaur arratsaldean osatu duen lanari esker. Dena den, finalean eserlekua ziurtatuta ez badute ere, hori lortzeko lehian ariko dira Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Aner Peritz zarauztarra ere.

1.400 bertsozale bildu dira Zarauzko hitzorduan, eta lan ona erdietsi dute bertsolariek. Hain zuzen ere, Martinek irabazi du saioa, eta haren atzetik sailkatu dira Eneritz Artetxe (519,5 puntu) eta Aner Peritz (512 puntu). Horiek finalera sailkatzeko aukerak dituzte gaur-gaurkoz. Haien atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Unai Mendizabal (504,5 puntu), Amaia Iturriotz (493,5 puntu) eta Eneko Araiztegi (462 puntu).

Aurreko astean jokatu zuten lehen finalerdia Oiartzunen. Beñat Gaztelumendi nagusitu zen –finalerako zuzeneko txartela lortu zuen–, 560,5 puntu batuta, eta bigarren sailkatu zen Ane Labaka 552 punturekin. Hirugarren, berriz, Nerea Elustondo izan zen, 522,5 puntu eskuratuta.

Ondorioz, hirugarren eta azken finalerdiaren faltan –datorren igandean izango da, Arrasaten–,  finalean izango dira ezbairik gabe Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin. Datorren astean ikusiko da zein bertsolari izango den zuzenean sailkatuko den hirugarrena, baita puntuazioz zein beste bost bertsolari ariko diren finalean ere. Izan ere, Arrasaten agertokian izango dira Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maider Arregi eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan datorren astean.

Finala, berriz, abenduaren 14an, larunbatez, izango da Donostiako Ilunben, 17:00etan hasita. Zortzi bertsolari ariko dira nor baino nor Gipuzkoako txapela lortzeko lehian.

Oraingoz, bi finalerdi jokatuta, hauxe da puntuazioaren araberako sailkapena:

1.- Beñat Gaztelumendi (560,5 puntu)

2.- Ane Labaka (552 puntu)

3.- Alaia Martin (544,5 puntu)

4.- Nerea Elustondo (522,5 puntu)

5.- Eneritz Artetxe (519,5 puntu)

6.- Aner Peritz (512 puntu)

7.- Unai Medizabal (504,5 puntu)

8.- Amaia Iturriotz (493,5 puntu)

9.- Asier Azpiroz (475,5 puntu)

10.- Oier Etxeberria (468,5 puntu)

11.- Eneko Araiztegi (462 puntu)

12.- Eli Pagola (449 puntu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide