Emakumeek kale, gizonek azken unean bale

Andoni Elduaien 2024ko abe. 2a, 10:24

June Diaz, aurten jokatutako partida batean. (Anaitasuna)

Emakumeei bigarren zatian egin zien ihes partidak. Gizonek, berriz, azken unean lortu zuten partida berdintzea. Ostiralean jokatuko dituzte datozen jardunaldiko partidak bi taldeek.

Anaitasuna futbol klubaren lehen taldeek gutxi bildu dute asteburuan. Zapatu arratsaldean jokatu zituzten bi taldeek beraien partidak. Emakumeak etxean, Txerloian, aritu ziren Pauldarrak taldearen aurka, eta 2-4 galdu zuten. Gizonak, berriz, Lezoko (Gipuzkoa) Plazeta zelaian aritu ziren, eta azken unean lortu zuten partida bana berdintzea.

Oker ekin zion Mikel Barquerok zuzentzen duen Anaitasunaren emakumeen taldeak Pauldarraken aurkakoari, ordu laurdenerako sartu baitzuten Barakaldokoek gola. Dena den, hurrengo jokaldian berdindu zuten gorritxoek dema; barakaldarrek huts handia egin zuten atzean, eta hala beraien atean egin zuten gola. Partida berdintzeak piztu egin zuen Anaitasuna, eta 20. minuturako aurrera hartu zuen. Jone Sudupek jokaldi dotorea osatu zuen eta atezainari iskin eginda, bi eta batekoaren gola egin zuen hark. Halere, Barakaldokoek atsedenaldira iritsi aurretik berdindu zuten lehia.

Bigarren zatian gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera Anaitasunari. Aurreneko minutuetan aurkariak proposatutako pultsuari eutsi zioten gorritxoek; dena den, zatia erdialdera iritsi zenean, 67. minutuan, aurrea hartu zuen Pauldarrakek. Handik hamar minutu eskasera, halaber, bikoiztu egin zuten kanpokoek aldea. Anaitasuna saiatu zen hortzak estutzen, baina amaieran, esku hutsik gelditu zen.

Hamabost punturekin sailkapeneko hamabigarrena da orain Anaitasuna. Ostiralean, hilak 6, jokatuko dute Barquerorenek Zarauzko Asti zelaian. 10:00etan hasiko du Anaitasunak bi puntura duen taldearen aurkako partida.

Berdinketa, azken unean

Anaitasunaren gizonen taldeak, bestalde, puntua urratu zuen liga txapelketako aurkaririk zailenetako baten zelaian, Lezoko Plazeta zelaian. Gorritxoak nagusi izan ziren partidaren hasieran, eta abagune bat edo beste ere sortu zuten Oiartzungoen atean. Ordea, hutsean iritsi zen partida atsedenaldira.

Halere, aukerarik onenak bigarren zatirako utzi zituzten bi taldeek. Galder Guembe, Ander Pastrian eta Xabi Soraluze saiatu ziren behin baino gehiagotan Oiartzunen atea zulatzen; minutu oso onak eskaini zituen Anaitasunak bigarren zatian, oro har, baina lege zaharrak dioen moduan, barkatu eta garesti ordaindu zuten gorritxoek, une batez bederen; izan ere, 81. minutuan egin zuten Oiartzungoek aurreneko gola.

Gol haren ostean erasora bideratutako aldaketak egin zituen Loren Barbado entrenatzaileak. Orduan zelairatu zen Gorka Larrañaga, amaieran Anaitasunako protagonista bihurtuko zena. Partida luzapenean sartuta zela egin zuen hark gola, eta hala, puntu bat pilatzeko moduan izan ziren gorritxoak.

Hemeretzi puntu ditu orain Anaitasunak, eta sailkapeneko zazpigarrena da, liderragatik zazpi puntura. Datorren ostiralean, hilak 6, Borja Rocha entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen Elgoibarren aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasunak Txerloian, 16:30ean hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide