Atzo, hileko azken ostirala izanik, dozenaka lagun elkartu ziren plazan, Sarek egindako deialdiari erantzunez. Euskal presoen eskubideen alde batu ziren plazan, maindireak eskuetan.
Gabonak ate joka direla eta, Sareko kideek datozen asteetarako prestatutako hitzorduak gogorarazi zituzten. Besteren artean, abenduaren 6an, 12:00etan, Durangon egingo duten mobilizazioaren berri eman zuten; hain zuzen ere, Etxera Kantuz egitasmoa egingo baitute Bizkaiko herrian, disko eta liburu azoka dela aitzakia hartuta.
Abenduaren 20an, berriz, Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera, langileek ere gatazkaren konponbide prozesua bukaeraino gauzatu dadila aldarrikatuko dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bestalde, Sarek jakinarazi zuen Gabonen bueltan herrian egin ohi dituen egitasmoei helduko diela. Horrenbestez, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidera batzeko deia egin zien eragileak herritarrei.
Deialdi horiez gain, baina, urtarrilean Bilbon egin ohi den manifestazioaren berri ere eman zuten atzokoan. Behin betiko lelopean egingo dute manifestazioa urtarrilaren 11n, larunbatez, La Casillatik abiatuta, euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko. S
areren arabera, "handiak izan dira" azken boladan emandako pausoak, baina handiak dira oraindik ere emateko daudenak. Horregatik, elkar hartuta lanean jarraitzeko deia egin du taldeak, "horren beharrezkoa den gatazkaren konponbideari behin betiko amaiera emateko".