Lana erregulatzeko txostena bertan behera uztea eta hitzarmena berritzea eskatu dute Sidenorreko langileek

Julene Frantzesena 2024ko aza. 29a, 18:30

Sidenorreko beharginek elkarretaratzea egin dute plazan.

ELAk eta LABek deituta, plazara atera dira protestara Azkoitiko lantegiko hainbat behargin. Apiriletik aldi baterako lana erregulatzeko espedientepean ari dira lanean Azkoitiko 312 beharginak, eta horiei soldata "asko" murriztu zaie. Bestalde, enpresa lan hitzarmena abenduan iraungitzen dela eta hitzarmen berriaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatu dute.

ELAk eta LABek deituta, dozenaka lagun elkartu dira gaur plazan, Sidenor enpresako beharginek bizi duten egoera salatzeko. Izan ere, apiriletik lana aldi baterako erregulatzeko espedientea dute indarrean lantegian eta hitzarmena duin bat sinatzea eskatzen ari dira.

Ez da bi sindikatuek protestara deitu duten lehen aldia, ezta egoera salatu dutena ere. Behin baino gehiagotan ohartarazi dute ELAk eta LABk enpresak Azkoitiko lantegiko gehiengo sindikala "boikoteatu" zuela apirilean, aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko hitzarmena itxi zuenean. Azkoitiko eta Reinosako lantegiak bateratu, eta gehiengo sindikala UGT, CCOO eta USOrekin osatu zuen enpresak, haien esanetan, eta sindikatu horiekin itxi zuen espedientea indarrean jarri ahal izateko behar zuen akordioa.

Azkoitiko lantegiko 312 beharginak lan erregulazio espedientepean ari dira lanean azken urte erdian, eta sindikatuen arabera, batez beste %21 espedientea ezarrita, soldata "asko" murriztu zaie. Reinosakoei, berriz, ez diete neurri hori aplikatu. "Enpresaren zuzendaritzak UGT, CCOO eta USO erabili ditu Azkoitian lan erregulazioa ezartzeko, eta hori bidegabea da".

Bestalde, abenduan iraungiko da Sinedorreko enpresa hitzarmena, eta lana erregulatzeko espedientearekin enpresak negoziazioa baldintzatu nahi duela uste dute sindikatuek. Izan ere, haien arabera, enpresak diru kaudimen handia dauka, iaz 23 milioi euroko irabaziak izan zituelako. Langileek, baina, "prekarietatea" bizi dutela salatu dute. "Langileek 20.000 euroko galera izan dute 2014tik, KPIa %19,9 igo delako eta gure soldatak soilik %9,5. 2014tik 140 langile gutxiago ditu Sidenorrek, eta ordutik 80 ordu gehiago egiten dituzte lan beharginek".

ELAk eta LABek salatu dutenez, enpresak negoziazio mahaia "erabat blokeatuta" dauka, eta horrek "kezka handia" sortzen die langileei. Gainera, bi sindikatuek esan dutenez, saiatu dira sindikatu guztiekin batera plataforma bat osatzen, baina harekin aurrera egiterik ez dute izan. Halaber, enpresak oraindik ez duela hitzarmen berriaren proposamenik aurkeztu salatu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide