Nola izan zen Naroa Valor Estudioa sortzeko prozesua?
Ideia aspalditik nuen buruan. Ikasketak amaitu nituenean asko gustatzen zitzaidan zerbait zela ohartu nintzen, eta nire negozio propioa sortzeko nahia piztu ziten. Momentu hartan, ordea, ez zen posible izan eta besteentzat lanean aritu nintzen. Ideia burutik kendu nuen, aurtengo maiatza aldera arte: maiatzean berriro etorri zitzaidan neure estudioa sortzeko grina.
Orduan jo zenuen Iraurgi Berritzenera?
Bai, hala da. Lehenagotik ere ezagutzen nuen Iraurgi Berritzeneko Klink zerbitzua, duela lau urte, lehenbizikoz ideia izan nuenean, bertara jo nuelako. Oraingoan zer pauso jarraitu behar nituen galdetu nien, eta horrela hasi nintzen martxan, urriak 1a iritsi zen arte, orduan zabaldu nuen Naroa Valor Estudioa.
Zer ikasi duzu prozesu horretatik?
Gauza asko ikasi ditut, asko. Batik bat, ordea, neure burua kontrolatzen ikasi dut. Azkenean gauza berri asko dira, eta nahi ez duzuna ere ikasten amaitzen duzu, arlo asko landu behar dituzulako. Guztia egin dezakedala ohartu naiz, eta beti aurrera jarraitu behar duzula.
Zer beldur edo oztopori egin behar izan diozu aurre?
Beldur asko izan ditut bidean. Asko pentsatu nuen pausoa eman aurretik, izan ere, oso eroso zaude besteentzat lanean ari zarenean: lana duzu eta ez duzu kezkarik. Baina, amaieran, merezi du gustatzen zaizunaz lan egiteak, horrek ematen dizkizun poztasuna eta gauza onak ez dituzulako beste inon aurkituko. Ez naiz damutzen.
Urrian zabaldu zenuen estetika zentroa. Orain arteko balorazioa zer moduzkoa da?
Momentuz ondoa doa. Herritarrak oso ondo erantzun dute, eta asko gerturatu dira zerbitzuak hartzera edota zerbait galdetzera. Horietako asko, gainera, berriro itzuli dira. Denbora gutxi da ireki nuenetik, baina orain arteko erantzunak oso pozik nauka.
Zure estetika zentroa zertan desberdintzen dela esango zenuke?
Estetika zentroa da, baina tatuajeak ere egiten ditut. Estetika zentro artistikoa dela esan dezakegu. Era guztietako estetika tratamenduak egiteaz gain, bezeroek tatuajea ere egin dezakete nire zentroan.
Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta desabantailak?
Desabantailak baino, onura gehiago ditu. Gustatzen zaizun horretan lana egiten duzunean, ez duzu lan gisa hartzen. Ni gustura etortzen naiz egunero, inoiz ez bezala, ordu pila bat sartzen ditut, lehen baino askoz gehiago, baina ez zait pisutsua egiten. Oso gustura egoten naiz lanean eta bezeroekin, eta eguna oso azkar igarotzen zait. Poztasun eta lasaitasun horiek ederrak dira. Desabantaila nagusiena, berriz, etxera joaten zarenean oraindik lan kontuak buruan dituzula da. Hala ere, zerbait txarra izanagatik ere, desberdina da eta ez da horren gauza txarra.
Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?
Ametsen alde borrokatu behar da. Zerbait gustatuz gero, eta garbi izanez gero, aurrera jarraitu behar da, nahiz eta ingurukoek kontrakoa esan. Pertsona bera seguru badago, dena alde batera utz dezala, eta bere ideiarekin jarraitu behar du.
"Zerbait gustatuz gero, eta garbi izanez gero, aurrera jarraitu behar da, nahiz eta ingurukoek kontrakoa esan"
Zein aholku emango zenioke enpresa sortzera doan pertsonari?
Beldurrak eta ingurukoek esaten dituzten gauzak albo batera uzteko, eta ideiarekin seguru bada, aurrera egin dezala. Gauza txarrak beti egon daitezke, baina saiatzen ez bazara, ez duzu inoiz jakingo ondo atera daitekeen. Ezin zara gelditu gogo horrekin, zer gertatu zitekeen jakin gabe. Egin ezazu, beti izango duzu eta damutzeko denbora.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?
Egia esan, aurrez nituen asmo edo xede guztiak bete ditudala esan dezaket. Denbora luzez landu nuen zer nahi nuen Naroa Valor Estudioa izatea, eta ia dena lortu dut. Duela lau urte, Iraurgi Berritzenera jo nuenean lehenbiziko aldiz, ideia bat nuen, eta hori egi bihurtu dut. Nahi nuena lortu dut. Horrez gain, ordea, gauza berriak ikasten joatea nahi dut, eta horretan saiatuko naiz.
Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.