Bihar, ostirala, amaituko da Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak bigarrenez antolatu duten Gabonetako Erakusleiho Erakusketan izena emateko epea. Egitasmoan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko dute merkatariek azaroaren 29a baino lehen; udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edota Herrixen elkartearen bulegora joanda nahiz herrixen@hotmail.com helbide elektronikora idatzita eman ahalko da izena.
Tokiko merkataritza txikia "bultzatzea" du helburu egitasmoak, baita kontsumitzaileen erosketa ohituretan eragitea, eta bertan nahiz bertakoa lehenetsiz, Gabon giroa piztea ere. Behin izen-emate epea itxita, udalak eta elkarteak abenduaren 19an egingo dute merkatariei zuzendutako eskertze eta aitortza ekitaldia. Udaletxeko bilkura areto nagusian egingo dute ekitaldia, 20:30ean hasita.