Azkoitiko ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune bilakatzeko helburuarekin, Bizilore Eskola Aktiboak, Xabier Munibe ikastolak, Floreaga ikastetxeak, Azkoitia BHIk eta eskola horietako guraso elkarteek gutuna bidali diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari, eskoletan mugikorren erabilera arautzeko "lege marko espezifiko bat" onartu dezan eskatzeko.
Azkoitiko Jaso Burue! taldearen eskutik, teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi duen Altxa Burua Gipuzkoako sarearen ekimenarekin bat egin dute ikastetxeek eta guraso elkarteek. Adierazi dute inguruko hainbat herrialdetan dagoeneko onartu dituztela antzeko araudiak, besteak beste, Frantzian, Herbeheretan eta Portugalen, baita Espainiako Estatuaren zenbait autonomia erkidegotan ere, hala nola Galizian, Katalunian, Madrilen eta Andaluzian. Hain justu, mugikorren erabilera arautzeak "ondorio positiboak" izan dituzte leku horietan.
Halaber, Jaso Burue! taldekoek nabarmendu dute egun, zenbait kasutan, irakasleak eta ikastetxea bera "babesik gabe" aurkitzen direla eskola esparruan ematen diren "jazarpen kasuei aurre egiteko" garaian. Horregatik guztiagatik, mugikorren erabilera arautzeko eskatu dute. "Eskolak mugikorrik gabeko gune bihurtzean, irakasleen eta ikasleen jarduna errazten da, eta ikasleen garapena, ikasketa prozesua eta hezkuntza sistema bera hobetzen da". Arazoa, gainera, "sistemikoa" da haien esanetan. "Ezin da arazoaren konponbidea eskola bakoitzaren autonomiaren gain utzi, marko eta euskarri juridiko bat eman gabe".
Gurasoek nerabeei mugikorra ahalik eta beranduen ematea eta mugikorren erabilera osasuntsua bultzatzea ditu helburu Jaso Burue! taldeak. Hain zuzen, ildo hori jarraitzen du ikastetxeetan eta bertako guraso elkarteetan bultzatutako iniziatiba horrek.
Hezkuntza sailari egindako eskaera sinatzeko aukera ere badute norbanakoek. Horretarako, honako lotura honetan sinatu dezakete Jaso Buruek! egindako eskakizuna.