Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak Arteria proiektuak emandako diru laguntza jaso du. Artea eta giza eskubideak uztartuz, gizarte eraldaketa sustatu nahi du Arteria proiektuak, eta orain, hiru arte diziplinatako hiru sortzaile elkartu nahi izan ditu, hiruren artean artelan bat sortu dezaten. Hain justu, 9.000 euroko diru laguntza eman die Arteriak azkoitiarrari, Andoni Salamero zumarragarrari eta Marta Lopez de Gauna urretxuarrari.
Beasainen (Gipuzkoa) lantzen ari diren nahigabeko bakardadea eta buru osasuna izango dute hiru artistek sorkuntzarako gaia. Dena den, Dar-dar Produkzioak gizarte ekimenerako kooperatibak ondutako Zulo Beltza antzezlana ikusi ondoren hasiko dira hirurak sormen lanean.
Datorren urteko lehen hiruhilekoan artelanaren inguruko hiru aurkezpen egingo dituzte Goierriko (Gipuzkoa) herri eta leku desberdinetan. Saio horietan guztietan erakutsiko dute sortzaileek egindako lana, eta ikusleekin partekatuko dituzte eginkizun horren sormen prozesuan eta ibilbidean izandako bizipenak.