Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak antolatzen dituen Emakumeen Jabekuntza Eskolen barruan xilografia tailerra egin dute hainbat lagunek, eta han ondutako lanak Portaleburu erakusketa aretoan jarri dituzte ikusgai.
Atzo zabaldu zuten kolorez betetako erakusketa. Grabatu hainbat daude ikusgai aretoko hormetan. Hain zuzen ere, hainbat emakumek, Oihana Ugarteren eskutik, Sorginen Ganbara espazioan egin dituzten lanak.
Erakusketaren xedea sormenak eraldatzeko duen gaitasuna erakustea dela azaldu dute haren sustatzaileek, eta egindako sorkuntza plazaratzea ere bai, emakumeek egindako arteari balioa emanez.
Igandera arte egongo da erakusketa zabalik; astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era bitartean; eta igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Zapatuan, San Andres egunez, ez dute irekiko gunea.