Azaroaren 25a

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin dute ikastetxeek ere

Ane Olaizola 2024ko aza. 25a, 16:56

Hitzaldiek, aldarrikapen mezuek eta tratu onen gaineko hausnarketek hartu dute tartea gaur herriko eskoletan.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin dute Azkoitiko ikastetxeetako kideek ere, eta egun seinalatuari lotutako ekintzak zein saioak izan dituzte gaur.

Izarraitz lanbide heziketako ikasleek, esaterako, gaiari lotutako hitzaldia izan dute, eta Xabier Munibe ikastolako kideek ikasgelan zein atarian zabaldu dituzte gaiari lotutako beren aldarrikapenak. Floreaga ikastetxean, bestalde, tratu onetan jarri dute aurten arreta, eta horretaz hausnartzeko tartea hartu dute ikasleek.

Biziloren, berriz, laguntasunaren gaia landu dute, dinamika desberdinak erabilita. Txikienek ipuinak landu dituzte, eta zaharrenek, gaian gehiago kokatuta, datu bilketan, grafikoak prestatzen eta elkarrizketak egiten aritu dira.

Azkoitia BHIn, Nagore Laffageren hilketa oinarri duen Nagore dokumentala ikusi zuten ikasleek joan zen astean, eta ondoren, haren ama Asun Casasolak hitzaldia eskaini zuen.

(Argazkiak: utzitakoak)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide